Atzo abiatu zen Iraitz Ferreira Madrilera, beste hiru lagunekin batera. Izan ere, Ultrimad 515 probarako derrigorra da gutxienez laguntzaile bat izatea parte-hartzaile bakoitzak. Hiru konfiantzazko lagun izango ditu Ferreirak ondoan: Josune Manteca bikotekidea, Alain Zulaika kuadrillako laguna eta Mikel Lasa lankide zarauztarra. Behar duen guztian laguntzeko prest dira taldekideak, baina berak bete beharko du erronka, eta ez da edonolakoa.
Ultrimad erreferentziazko proba bihurtu nahi dute munduan, eta lehenengo urtetik bertatik parte hartu dute nazioarteko kirolariek bertan. Proba berezia bezain gogorra da, eta hala jaso dute antolatzaileek ere beren webgunean: "Argi geratzea nahi duguna da lehiaketa bat dela, baina ez ohiko lehiaketa bat, baizik eta erronka pertsonal bat, norberaren mugak gainditzeko helburua duen borroka bat. Ahaztu kronoaz eta gozatu konkistatutako metro bakoitzaz, taldekideekin eta gainerako parte-hartzaileekin batera". Hiru egunetan 515 kilometro osatuko dituzte kirolariek, ia denak Madrilgo erkidegoan. Bizikleta ibilbideak Guadarrama mendilerrotik igarotzen dira, eta gogorrak dira oso ibilbideak. Parte-hartzaileak herri ikoniko askotatik igaroko dira, hala nola Robledo de Chavela, San Lorenzo de El Escorial, Buitrago de Lozoya -joan zen astean Euskotren Ligako estropadak jokatu ziren lekua-, Manzanares el Real... eta tartean, Madrilgo mendate handienak igo beharko dituzte: Cruz Verde, Puebla de la Sierra, Canencia eta Navacerrada mendate ezaguna.
515 kilometro guztira, igerian, bizikletaz eta korrika
Gaur hasi dute proba, 08:30ean, eta bi zati izango ditu gaur egin beharreko lanak. Batetik, hamar kilometro egin beharko dituzte igerian, eta gehienez sei ordu izango dituzte horretarako. Denbora horretan sartzen ez den kirolaria kanporatu egingo dute. Lortzen dutenek 145 kilometro osatu beharko dituzte gero bizikletaz, trafikoa zabalik dela -2.300 kilometroko desnibela-. Bi lan horietarako gehienez 12 ordu izango dituzte.
Bihar, bigarren egunean, 280 kilometroko ibilbidea egin beharko dute bizikletan -+4.400 m.-, hamabi orduz azpiko denboran. Eta, etzi, domekan, bukatuko dute proba, 84 kilometro korrika eginez. 21 kilometroko zirkuituari lau itzuli eman beharko dizkiote, hamabi orduren barruan.
Lasterketaren berri Instragramez jarraitu ahal izango da @ultrimadoficial kontuan.

