Madrildik iritsi berri hartu zuen BARRENA, astelehenean, Maria Bastidak. Buitrago de Lozoyan jokatu zuten, asteburuan, estreinako estropada, eta zazpigarren sailkatu ziren zortzitik. Gaur eta bihar, berriz, Bilbon eta Zierbenan lehiatuko dira, hurrenez hurren, eta "dena emateko ilusioz" uretaratuko dira.
Lehorrekoa izanda, zerk bultzatu zintuen arraunean hastera?
Kirola egin nahi nuen, zerbaitetan saiatu, eta, ordurako nire neba Zumaian arraunean hasia zenez, probatzea erabaki nuen. Aurretik, euskal dantzan eta balletean ibili nintzen, baina ez nuen dantza oso gustuko, eta laga nituen biak. Hiru bat urte egon nintzen kirolik egin gabe, eta DBH1en erabaki nuen Telmo Deunen izena ematea. Zalantza egin nuen futbolean hasi edo zer, baina arrauna aukeratu nuen, eta ez naiz damutzen.
Probatu eta gustatu. Zer topatu duzu Telmo Deun arraun elkartean?
Giro ona. Infantiletan hasi nintzen, bateletan. Gero, kadeteetan, bateletan aritu nintzen lehenengo, eta iaz, kadeteetako bigarren urtean, trainerillan ere bai. Espainiako Txapelketarako sailkatu ginen, gainera, eta horrek izugarri motibatu ninduen. Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak jokatu genituen iaz, eta hiruretan bigarren gelditu ginen, Tolosaldekoen atzetik. Gogorra da arrauna, baina, egia esan, oso lagun onak eman dizkit kirol honek. Taldean oso giro ona daukagu, eta hori gustatzen zait gehien arraunetik. Bestela, oso kirol sakrifikatua da, bai. Astean sei egunez entrenatzen gara, egunean ordu eta erdiz, baina arratsalde osoa ematen dut Zumaiara joan, entrenatu eta bueltatzen. Neguan, gimnasioan egiten dira sei entrenamendu saiotik lau, eta larunbatero eta igandero uretara irteten gara entrenatzera. Udan, berriz, indarra egiteko ariketa batzuk egiten ditugu batzuetan gimnasioan, baina uretan amaitzen ditugu entrenamendu guztiak. Egia esan, diziplina handia behar da, ikasketak [batxilergoko lehen urtea osatu du] eta kirola uztartzeko, baina oso kirol ederra da. Denbora ondo antolatzen ikasteko ere lagungarria da. Ni neu oso gustura nabil, nahiz eta arraunean ibiltzeak denbora kentzen didan kuadrillakoekin egoteko.
Arraunlari on batek zer ezaugarri behar ditu? Eta zeintzuk dira zure dohainak?
Esango nuke diziplina eta indarra behar direla ezinbestez. Eta nire dohainak... saiatzen naiz gogor entrenatzen.
Iaz, Euskotren Ligara itzuli berritan, laugarren postuan amaitu zuen Telmo Deunek denboraldia. Zer erronka jarri diozue zeuen buruari aurtengo?
Oso emaitza ona lortu zuten iaz, baina, hala ere, bederatzi lagunek utzi zuten taldea, eta oso talde gaztea daukagu aurten. Hamazazpi lagun gara, eta horietatik sei gazteak gara; seitik bost, gainera, lehenengo urtekoak. 19 urte ingurukoa da gure taldean batez besteko adina. Neu naiz gazteena, baina, berez, bost gara nire jaioturtekoak. Aurten, mailari eustea izango da gure helburu nagusia, eta, ahal dela, play-off-ak jokatu gabe; arriskurik hartu gabe.
Kike Manterola duzue entrenatzaile; historiko bat Zumaian.
Bai, hori da. Urtero esaten du laga egingo duela, baina, zorionez, hor jarraitzen du, eta hamabosgarren urtea izango du aurten. Taldean, bestalde, badauzkagu hiruzpalau arraunlari urte batzuk egin dituztenak hemen, eta uste dut ekarpen handia egingo dutela haiek ere. Guk badugu konfiantza geure buruarengan, eta, ondo entrenatuz gero, lan ona egin dezakegula uste dugu.
Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Orio izan zenituzten iaz beti aurretik. Aurten ere haiek izango dira zuen aurkari nagusiak?
Ez dakit, antzeko denboretan dabiltza asko. Nik neuk Arraun Lagunak taldekoak beste maila baten ikusten ditut.
Gaztea zara oso, eta azkar egin duzu lehen mailara arteko bidea, baina izango dituzu, seguru, sekula ahaztuko ez dituzun egunak ere. Adibidez?
Espainiako Txapelketarako sailkatzeak egin zidan ilusioa, ustekabekoa izan zelako. Hori eta 16 urterekin lehen taldean arraun egiteko aukera izatea dira berezienak. Egia esan, oso urduri hasi dut denboraldia, baina tira, uretara sartzeaz batera ahaztu egiten dira urduritasunak.
Jarraitzaile sutsu eginda dituzu etxekoak. Ikusi besterik ez dago sare sozialetan eta!
Bai. Bereziki, gurasoak daude oso zaletuta. Asteburuan Pirinioetara joatekoak ziren, baina, eguraldi txarra iragarri zutenez, Madrilen azaldu ziren, estropada ikustera. Babes hori estimatzen da.
Ametsik baduzu?
Noizbait Kontxarako sailkatzea izan daiteke bat.
Ezer gehitu nahiko zenuke?
Animatuko nituzke gazteak arrauna probatzera. Zailtasun handiak izaten dira urtero taldeak osatzeko, eta arraunak tradizio handia duen herrietan ere kosta egiten da gazte jendea erakartzea. Gure taldean, bi-hiru ez beste guztiak Zumaiatik kanpokoak gara.
