Jazz garaikidea, iberiar folka eta kantautore generoaren kutsuak uztartzen ditu Asurmendik Asteartea diskoan, eta dolua, barkamena, maitasun propioa, emakumeen ahalduntzea eta osasun mentalaren kontzientzia jorratzen ditu. Esana duenez, asteartero emakumeen zirkulu batean izandako esperientzian oinarritzen dira diskoko kantuak. Emozioen inguruan hausnartu eta emakumeek egunerokoan bizi dituzten esperientziak partekatzen dituzte talde horretan.
Londresko Fish Factory eta The Cowshed estudioetan grabatu zuen, nagusiki zuzenean, eta iazko ekainaren 27an kaleratu zuen. Eragin musikalaren inguruan, berriz, artistak aitortua du jazza, folka eta kantautore generoa uztartzen dituzten artistengandik hartzen duela inspirazioa; zehazki, hunkitzeko gaitasuna, inprobisazioa eta kontakizun poetikoa ardatz dituztenengandik. Haren erreferente nagusien artean daude, besteak beste, honako hauek: Silvia Perez Cruz, Norma Winstone, Josefine Cronholm, Cyrille Aimee eta irakasle izandako Brigitte Beraha.
Asurmendik Erresuma Batuko oholtza garrantzitsuenetakoetan jo du: Pizza Express Jazz Club, 606 Club, Soho Jazz Festival eta EFG London Jazz Festival.... Baina nazioartean bakarrik ez. Euskal Herrian ere areto handietan izan da, besteak beste Guggenheim Museoan, Coliseo Antzokian, Altxerri Jazz Cluben, Jazzon aretoan eta Klaustro Sounds festibal-en, eta haren Asteartea diskoak kritikaren harrera beroa jaso du.
Mendaron, taldearekin
Mendaron, lau musikari handirekin arituko da oholtzan Asurmendi: Giovani Cresseri (baxua), Gianluca Corona (gitarra), Milena Granci (pianoa) eta Filippo Galli (bateria).