Jantokian ostegun iluntzean zabalduko zutela esana bazuten ere, azken orduan eta ezustekoren bat tarteko, barikuan zabaldu zuten frontoiko jantokia. Ohi legez, inguruko enpresetako langileak batu ziren bazkaltzera. 60 bat lagun elkartu ziren bazkaritan, eta zertxobait gehiago, afaltzen. Batean zein bestean sariak zozkatu zituzten azokaren antolatzaileek. Atzokoa, berriz, motorzaleekin batera antolatutako eguna izan zen, eta gaurkoa, Umeen Eguna dute izendatua. 11:00etatik 13:00etara artisauen azoka izango da Mendaron, frontoi inguruan, eta 13:00etan hasiko dira bazkariak zerbitzatzen, frontoian -Aurrez lekua ziurtatu nahi dutenek 943 03 01 50 telefono zenbakira deitu dezakete, baina frontoian bertan ere eskuratu daitezke txartelak-. Arratsalderako, berriz, Leire Lazkano herriko gazteak ezkutatu eta haurrek topatutako harrien erakusketa jarriko dute eta txokolate-jana ere izango da Saint Gerons txokolategikoen eskutik.