Juan Garate esanda, askok ez dute agian gizon hau ezagutuko; “Animarte” errekadista esanda, ordea, seguru denek ezagutzen dutela. 1944. urtean hasi zen Animarte errekadista lanetan. Animartek forjan egiten zuen lan, eta gero, estazioko maleta zain hasi zen; alegia, trenez iristen ziren paketeak banatzen zituen. Altzolabe zen orduan Elgoibar eta Mendaro arteko errekadista, eta hark laga zuenean hasi zen Animarte egiteko horretan.
Haren alaba Elena Garateren esanetan, zaldia eta gurdia hartu eta Elgoibar eta Mendaro arteko errekaduak egiten zituen; mota guztietako errekaduak izaten ziren, baina bazituen bezero finak ere. Hiltegian ganadua hiltzen zutenean, esaterako, berak egiten zuen banaketa harategietara; era berean, ardandegitik tabernetara ere berak eramaten zituen ardo botilak.
Horrez gain, Altzolako hotelerako eta bainuetxerako ere lan asko egiten zuen. Esate baterako, berak eramaten zuen Altzolako ura trenera, kanpora bidaltzeko. Elena Garatek honela esana dauka BARRENen: “Butanoa ere orduantxe azaldu zen, eta gure aitak butano urdin txikiak bete eta banatu egiten zituen".
Zenbat abentura ez ote zituen bizi izan Animartek bere zaldi eta gurdiarekin! Kontatua du haren alabak anekdota bat ere: "Behin gehiegi bete zuen gurditxoa eta Melitongo aldapa igo ezinda geldiu zen. Guardia zibilak agertu zitzaizkion orduan, eta eurek lagundu omen zioten bultzaka. Ordainetan, haragi pixkat eman behar izan ei zien"
Errekadisten lana asko baloratzen zen garai hartan, ez baitzegoen alde batetik bestera joateko medio handiegirik. Animartek 1969. urtean utzi zuen errekadista lana.