EAJk nabarmendu du agiri teknikoetan zortzi hilabeteko exekuzio-epea ezartzen zela akta sinatzen zenetik, eta, beraz, obrek 2026ko uztailean amaituta egon beharko zuketela. Atzeratzeak garestitze bat ekarri duela ohartarazi dute jeltzaleek. "Proiektu horrek 738.000 euroko aurrekontua zuen, eta, eskura dagoen informazioaren arabera, 80.000 euroko gainkostua zuen, hasieran aurreikusitako epeekin alderatuta atzerapena izateaz gain".
2026ko aurrekontuak onartu zituztenean, Udalak jakinarazi zuen 600.000 euro bideratuko zirela 2026an obra horretarako, eta horri 2025ean gordetako 150.000 euro gehitu behar zitzaizkiola. Jubilatuen taberna eta egoitza erreformatzeko lanak iazko azaroaren 17an hasi zituzten Jaizubi enpresakoek, eta zortzi hilabeteko epean zituzten amaitzekoak, uztailerako. Hala ere, obra geldi egon zen luzaroan, zenbait eragozpenengatik eta aurreikusi gabeko kontu edo guztiz lotu gabeko kontu batzugatik, orduan zabaldu zutenaren arabera.
"Gardentasunez" informatzeko eskaera
EAJtik azpimarratu dute proiektua gauzatzean egin diren aldaketek egutegia eta aurreikusitako kostua handitu dituztela, eta horren arrazoien eta ondorioen inguruan "gardentasunez" informatzeko eskatu diote Udal Gobernuari. Ohar berean, beste galdera bat ere egin dute: "EAJ-PNVk jakin nahi du zergatik baztertu den atzealdeko lokalaren bidez aurreikusitako handitzea". Horren harira gogoratu dute lokal hori diru publikoarekin erosi zela bere garaian, jubilatuen etxeko instalazioak hobetzeko. Salatu dute, baina, hasierako planteamendua hori zen arren, orain, espazio hori etxebizitzetara bideratuko dela eta irizpide aldaketa hori zerk eragin duen azaltzeko eskatu diote Udal Gobernuari.
Prentsa ohar bidez Nerea Isasi EAJko bozeramaile eta oposizioburuak esan die obra publiko baten exekuzioan "aldaketa garrantzitsuak" gertatzen direnean ezinbestekoa dela azaltzea zerk eragin dituen aldaketak, zer ondorio ekonomiko izango dituen horrek eta nola eragingo dioten aldaketek azken emaitzari. "Herritarrek eskubidea dute baliabide publikoak nola kudeatzen diren jakiteko", zehaztu du. Era berean, nabarmendu du: "Proiektu zehatz honetatik harago, garrantzitsua da ondorioak ateratzea, etorkizuneko jarduerek hasieratik plangintza sendoagoa izan dezaten. Kudeaketa hobeak aukera ematen du atzerapenak saihesteko, kostuei eusteko eta diru publikoa ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiliko dela bermatzeko"