Meza eta Mendaroko Gazteak dantza taldekoen dantza emanaldia iragarri zituen atzorako jaietako egitarauan Mendaroko Udalak. Adinekoen Eguna zen, eta eguerdirako paparrean krabelin zuri banarekin ikusi genituen herriko adinekoak. Haietako batzuk, bazkaltzeko elkartu ziren gero Aizpen, 94 bat lagun guztira. Bi baldintza bete behar zituzten bazkaltzera joateko: 70 urte beteak izatea edo 70 urtez gorako bikotekidea izatea, eta izena emanda egotea. Aizpen, elkarteko zuzendaritzakideek egin zituzten zerbitzari lanak, eta bapo bazkaldu ondoren, dantzara animatu ziren bazkaltiar batzuk. Balsak, cumbiak, pasodobleak, trikitiak, kalejirak... denetarik jarri zien Arno disko jartzaileak eta gozatu zuten gogotik. Bukaeran, Nerea Isasi zinegotziak Malagueña Salerosa kantua eskaini zuen guztiei eta txalo zaparra batekin eskertu zioten Aizpen batutakoek.