Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Aspaldiko danborradarik jendetsuena izan da aurtengoa Mendaron

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 26a

Zenbat gazte jende! Ez zen beste konturik atzo Mendaron. Aspaldiko jendetsuena izan zen atzo Mendaron egin zuten helduen danborrada. Hiru konpainia osatu zituzten eta guztira 145 bat lagunek desfilatu zuten.

Ikusgarria izan zen atzoko helduen danborrada. Antolatzaileek esana zuten aspaldiko jendetsuena izango zela eta lanak izango zituztela frontoian kabitzeko. Eta halaxe izan zen. Elgoibarko Mauxitxa txarangakoak lagun hartuta irten ziren danborradada, 22:00ak pasatxo, Mendarozabalen. Ikastolatik irten izan dira besteetan, baina, aurten, zuzenean Mendarozabalgo plazan elkartu eta handik hasi zuten kalez kalekoa. Haurrek ez bezala, nagusiek herriko hiru auzoak gurutzatu zituzten, eguraldiak ere hobera egin zuelako iluntze partean, eta jende asko irten zen kalera ikustera. Mendarozabaletik Garagartza auzora joan ziren hiru konpainiatako danborjole eta kupeljoleak, eta handik Azpilgoetara gero. Aizpe elkartearen aurrean geldialdia egin zuten, eta harrera egitera irten zitzaizkien han afaltzen zeudenak. Giro berezia sortu zen han. Mauxitxakoek Zorionak kantua eskaini zieten danborradako bi kideri, urteguna baitzuten atzo, eta beste hiru-lau pieza jo ondoren, frontoirako bidea hartu zuten. Iritsi zirenerako goraino betea zegoen frontoia, eta hantxe jo zituzten danborradako sei-zazpi piezak, Mendaroko martxarekin amaitzeko.

Erlazionatuak

Bi danborrada, egun baten

Ainara Argoitia Arano uzt 26, 10:00 Mendaro