Zoru pelbikoak funtsezko eginkizuna betetzen du oinarrizko funtzioetan: esfinterraren kontrola hobetzen du eta, ondorioz, barre egitean, eztula egitean edo kirola egitean gerta daitezkeen gernu-ihesak saihesten ditu; prolapsoak saihesten ditu, hau da, maskuria, sabela eta uteroa bere tokian mantentzen ditu; eta sexu harremanak ere hobetzen ditu, muskuluen sentikortasuna eta uzkurketa-gaitasuna indartzen dituen neurrian. Hala ere, emakumeen kasuan, erditzeek, hormonei lotutako gorabeherek eta egunerokoari lotutako beste egoera askok ahuldu egiten dute zoru pelbikoa, eta komeni da indartzea eta tonifikatzea. Horren jakitun antolatu du ikastaroa Mendaroko Udalak, gai honek beste ikastaro batean sortutako interesa ikusita. Gorputzarentzat eta osasunarentzat hain garrantzitsua den gorputz-zati hori sentitzen, ulertzen eta lantzen ikasiko dute ikastaroan, Saioa Baena fisioterapeutarekin. Obstetrizian eta berreziketa ginekologikoan espezialdutako fisioterapeuta da Baena.
Hamar saioko ikastaroa izango da, eta saio guztiak astelehen eta martitzenetan izango dira, 10:15etik 11:45era, Azpilgoetako Kultur Etxeko goiko aretoan. Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa izango da, eta Mendaroko Udalaren webgunetik egin behar dira izen-emateak (Internetez konpontzen ez denak udaletxera gerturatuta ere eman dezake izena. Kasu horretarako, izen-emate orriak udaletxean bertan, anbulatorioan nahiz liburutegian eskuratu daitezke).