Gym Berdea ekimenean izena emateko epea, zabalik

Ainara Argoitia Arano

Gym Berdekoak herriko lorategi batean lanean, neguan

Hirugarren denboraldia izango du aurten Mendaroko Gym Berdeak, herriko lorategi eta basoetan lan eginda, herritarren ongizate pertsonala sustatzeko eta herria edertzeko ekimenak, eta Mendaroko Udaletik jakinarazi dute zabaldu dutela izena emateko epea. Irailaren 15ean hasiko dira lanean.

Osasunaren hezkuntzan espezializatutako William Bird medikuak Erresuma Batuan sortutako Green Gym ekimenean du sorburua Gym Berdea proiektuak. Duela hogeita hamarren bat urte sortu zuen Birdek egitasmoa, eta geroztik, 6.000 bat lagunek hartu dute parte osasuna sustatzeko eta aldi berean ingurumen-krisiari aurre egiteko egitasmo honetan.

Mendaroko eredua Larrabetzutik ekarri zuten eta Keko Alonso biologoak gidatu du bi urtean taldea -berak gidatuko du aurten ere-. Bi helburu nagusi ditu Gym Berdeak: batetik, ariketa fisikoa eginez osasuna eta ongizatea hobetzea, eta bestetik, herrian sozializatzeko aukerak sortzea eta komunitatea indartzea. Dozena bat lagun aritu dira lehenengo bi urte hauetan, eta hirugarren denboraldirako izen-emate epea zabaldu du orain Mendaroko Udalak. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak nahiz izena eman nahi duenak udaletxera deitu behar du, 943  03 32 82 telefono zenbakira. 

Gym Berdekoak asteartetan batuko dira hirugarren denboraldi honetan ere, 16:15etik 19:00ak bitartean.

 

 

Erlazionatuak