Hizkuntza gutxituen biziberritzean garrantzia ezinbestekoa dute Mendaro bezalako udalerri euskaldunek, baina euskararen arnasgune diren beste herri askotan bezala, Mendaron ere apaltze bat igarri da euskararen erabileran, eta kezkatuta agertu da Udala. Horregatik, euskararen arnasguneak indartzeko eta euskararen biziberritzea sustatzeko mozioa onartu berri du Mendaroko Udalbatzarrak, aho batez. Hainbat konpromiso hartu dituzte. Honako hauek:
- Erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzea.
- Kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea.
- Doako euskalduntzea bermatzea.
- Haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea.
- Udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea (ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza, terrazetako ordenantza, azoka eta ferietako ordenantza…).
- Etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea.
Adierazle soziolinguistiko nagusiak, atzeraka
Ez da oraingo kontua udalerri euskaldunetan adierazle soziolinguistiko nagusiak atzeraka hasi izana, baina urteek aurrera egin ahala, egoera gero eta kezkagarriagoa da. Izan ere, adierazle nagusietan atzera egiteaz gain, arnasguneetako hiztunen tipologia ere asko aldatu da. "Azken batean, nazioarteko joera orokorrekin bat, bizi ereduaren bilakaerak, bilakaera demografikoak eta globalizazioaren ondorio zuzenek arnasguneak desagertzeko bidean jarri dituzte", ohartarazi dute horren harira UEMAtik. Siadecok 2025ean egindako proiekzio demolinguistikoa jarri dute adibidetzat. Ikerketa horretatik ondorioztatu dute euskararen alde orain arte egiten ari garena egiten jarraitzen badugu, euskarak bizi duen geldialdia galera fasean sartuko litzatekela. Eta hain justu ere, "horri aurre egingo dion erantzun sendo bat mamitu nahiak" bultzatu zuen UEMA otsailean Lurralde Estrategia Euskararentzat proposamena aurkeztera.Horrekin batera, Esnatu dinamika ere hasi zuen UEMAk apirilean, politikatik egin beharrekoaz gain, herritarrak ere aktibatu behar direlako geldialdi horri aurre egin eta euskararen biziberritzea indarraldian jartzeko. Dinamika horren abiapuntu gisa, Euskal Herriko 18 eragilek atzerakada hori gelditzeko konpromisoak hartu zituzten, eta geroztiz, udalerriz udalerri ari da UEMA lanean, herrietako eragileak ere dinamika horretara gehitzeko.
Esnatu dinamikara batzeko bilera
Mendaron, urriaren 15erako antolatu dute bilera Mendaroko Udalak eta UEMAk, eta herriko eragile eta norbanako guztiei dei egin diete parte hartzera. Bilera udaletxean izango da, 18:30ean.