Hiri eta herrietako azpiegitura berdea planifikatzeko, kudeatzeko eta babesteko diseinatutako Europako arau eta jarraibide teknikoen multzoari esaten zaio Urban Forest, eta horiexek hartu ditu kontuan Samuel Alvarez arbolazainak herriko arboladiaren inbentarioa osatzeko. Erregistroa osatu ez eze, etorkizunean hartu beharreko zenbait neurri ere zehaztu ditu, eta martitzenean jendaurrean aurkeztu zuen plan osoa, udaletxean.

Zer diote Urban Forest estandarrek?
Herri barruko arbolak erreminta bat direla herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Askorentzat beste balio bat izan dezake arboladi horrek, eta izango da erreparatuko dionik ikuspuntu bukoliko, idiliko edo ekologistatik, baina, berez, Urban Foresten arabera, beste gauza bat dira herri barruko arbolak. Eta hori da bereziki zuenaren ezaugarriko herrietan ikusarazten zailena. Ingurune natural izugarri baten kokatua dago Mendaro, eta askok pentsa dezakete inguruan badaudela arbola nahikoa. Baina herri barrukoak dira gure bizi-kalitatean eragin zuzena dutenak. Izan ere, bizi-kalitatea hobetuko duten arbolek herritarrengandik gertu egon behar dute, etxeen ondoan.
Zein funtzio betetzen dute herri barruko zuhaitzek?
Batetik, erregulatze termikoak dira, tenperatura 3 eta 5 gradu artean jaisten dutelako. Era berean, airea garbitzen dute, beren hostoek kutsatzaileak eta partikula arinak iragazten dituztelako, eta, horrez gain, klima-babeslekuak eta erlaxatzeko guneak eskaintzen dituzte eta habitata dira hegazti eta intsektuentzat. Baina funtzio horiek betetzeko, arbolek handiak izan behar dute, eta beren egitura naturala mantendu behar dute. Izan ere, arbolen adaburuek betetzen dute funtzio hori; hostotzak, azken batean. Beraz, ahalik eta esku-hartze txikiena egin behar da haietan. Hau da, inausterik behar ez duten arbola handi eta hostotsuak dira herrirako egokienak, ikuspegi natural eta ekonomikotik begiratuta. Kontuan hartu behar dugu arbola bat ez dela sekula modu irregular eta irrazionalean hazten, ondo programatuta daudelako, baina, aldi berean, egia da herri barruan haiekin bizi behar dugula, partekatu egin behar dugula espazio bat, eta horrek, batzuetan, traba batzuk sortzen dituela. Hau da, ez dugu esango inauste beharrik egongo ez denik, baina bai esku-hartze horrek ahalik eta txikiena izan behar duela eta sekula ez liokeela kalterik eragin behar arbolaren egitura naturalari. Izan ere, egitura hori oso ondo diseinatua dago, eta manipulatzean, nahastu egiten dugu.
Kontzientziazio kanpaina bat ezinbestekoa dela alegia.
Bai. Herritarrak hezi egin behar ditugu, jabe daitezen herri barruko arboladiak duen garrantziaz, bestela trabak baino ez dituzte ikusiko. 27 urte daramatzat kontu honetan lanean, eta duela hiruzpalau urtera arte inork ez gintuen aintzat hartzen. Klima aldaketak jarri ditu denak guri begira. Planeta berotzen ari da, eta horren ondorioak bistakoak dira: beroaldi gero eta gogorragoak, intentsitate handiko eurite bat-batekoak, muturreko fenomeno meteorologikoak... Arkitektoek gero eta gehiago deitzen digute, eta, zorionez, esan dezakegu oraindik ez dela lar berandu herrien diseinu arkitektonikoan gauza batzuk aldatu eta bizileku hobeak sortzeko. Arkitektoek eta arbolazainok batera jardun behar dugu, eta horren kontzientzia gero eta zabalduago dago. Herriak diseinatuta dauzkagu, eta ez da hutsetik hasita bezain erraza izango, baina gauza batzuk aldatu edo moldatu ditzakegu. Adibidez, leku askotan, eta zuenean ere bai, espaloi asko jaso dituzte arbolen sustraiek. Arbolazainok badakigu hori saihesten, baina kaleak arkitektoek diseinatzen dituzte, eta haiek hori barneratzea ezinbestekoa da. Hori lortu behar dugu hemen.
"Ezin da mantentzea dirutza bat kostatuko zaigun ezer diseinatu
herri barruan"
Zein herrialde hartu beharko genuke eredutzat?
Europan, herrialde batzuetan, 30 bat urtetik gora ari dira horretan, eta, Alemaniara joanez gero, adibidez, gauza izugarri ederrak ikusi ahal izango dituzu. Beraz, posible da, eta posible ikusten dena beti dago lortzetik gertuago.
Mendaroko herri barruko arboladiaren inbentarioa osatu duzu. Zer da deigarriena?
Herri barruko arbolen %60 inguru hamaika espezie direla. Hori ez da gauza ona, arriskua dagoelako gaitzen bat edo izurriteren bat sartuz gero arbolarik gabe gelditzeko. Interesgarria zera litzateke: ahalik eta espezie-katalogo zabalena izatea. Orain bada gaitz bat lizarrei erasaten diena eta eragin dezakeena Kantauri isurialde osoan lizarrik gabe gelditzea. Zumar-arbolekin gertatu zitzaigun halako zerbait. Zumarrak ziren garai batean herriko plazetako arbolak, baina nik 56 urte dauzkat, eta oso gutxi ezagutzen ditut; desagertu egin dira denak.
Arbolak etxeetatik gertu behar ei dira. Non daude Mendarokoak?
Arbolen %47 inguru parkeetan daude, nasai haz daitezkeen lekuetan. Garrantzitsua da hori, arbolek beren egitura naturala mantentzen dutelako leku horietan eta apenas behar izaten dutelako inausterik. Badu horrek bere desabantaila ere, ez baitugu ahaztu behar komeni zaizkigun arbolek etxeetatik ahalik eta gertuen egon behar dutela; alegia, espaloietan ere behar ditugula arbolak. Hala ere, Mendaron ez zabiltzate horren gaizki alde horretatik, arbolen %27 txorkoetan [alkorkeak] daudelako; alegia, zolatu gabeko azalera estuetan, dela espaloietan, kalean edo plazan. Eta beste %26 bat, parterreetan; hau da, lorategi itxurako espazio txiki mugatuetan. Eta hirugarren datu garrantzitsu bat: 10 metrotik gorako arbolen %55 baino gehiago ingurune berdeetan daude, eta hori oso gauza ona da, arbola horiek ez digutelako ez lanik ez burukominik eragingo. Lortu behar duguna da zona berdeetan dugun arboladi hori txorkoetan sortzea. Eta hor daukagu hutsune handietako bat, arbolen %2,6 baino ez daude-eta hor. Beraz, Mendaron ez dago onura horiek guztiak ematen dituzten arbolarik espaloietan, kalean, etxe atarien bueltan...
Inguruko herrietan ere halatsu, ala?
Arbolazain-teknikaririk ez dagoen herri eta hirietan ohikoena da, bai. Erreparatu Bilbori bestela. Mendaroko kontu bera errepikatzen da han. Donostian eta Gasteizen, aldiz, ez. Arbolazain-teknikari bana dute kontratatuta bi udal horietan, eta igarri-igarrikoa da haien lana.
Arbolak inaustea gastua da udal baten aurrekontuan. Noiz da ezinbestekoa?
Inausi? Ahal den gutxien. Ezin da mantentzea dirutza bat kostatuko zaigun ezer diseinatu herri barruan. Premisa behar luke horrek. Luzarora merkeak diren gauzak sortzea edo diseinatzea da gauzak ondo egitea.
Inbentarioa egitean arbolen osasunari ere erreparatu diozu. Zer ikusi duzu?
Orokorrean, osasuntsu daudela. Zuhaitz gehienak gazteak edo helduak dira, eta osasun ona dute. 200 bat arbola heldu dituzue, beste horrenbeste gazte-heldu eta ehun bat gazte. Zaharrik ez dago, beraz. Hor zehaztapen bat egin nahi nuke: arbola heldua izateak ez du esan nahi arbola handia denik. Industrialdeetan-eta dituzuen arbolak helduak dira, baina hiru metro baino gehiago hazten ez direnak. Hori gertatzen da herri gehienetan: dauzkagun arbola gehienak ez direla behar beste hazten, izatez hamabost bat metroko garaiera hartzen duten espezieak diren arren. Inauste sistematikoekin mutilatuta ditugulako gertatzen da hori.
"Arbola bat ez da sekula modu irregular eta irrazionalean hazten"
Hobetu beharrekoetan zer azpimarratuko zenuke?
Espaloietan dauden arbola asko dira aldatu beharrekoak, baina, betiere, kalea berritzen denean, ezinbestekoa da-eta lurrazpia ondo diseinatzea. Hori egin gabe, alferrik da ezer egiten hastea. Diseinatu behar da kale osoa eta erabaki dauden baldintzen arabera zer espezietako arbolak sartuko ditugun eta zenbat. Kontua ez da metrotik metrora arbola bat sartu eta kalean txupatxus itxurako hamabost zuhaitz izatea. Batzuetan, hobe da hiru arbolari nasai hazteko bidea egitea kalean, ez baitugu ahaztu behar arbola handi eta hostotsuak direla behar ditugunak. Eta ikusi duguna hori da: arbola mutilatu asko dituzuela espaloietan. Kasu batzuetan, inauste kontrolatuak eginda, aukera egongo litzateke zuhaitz horiek berriro naturalizatzeko, baina, beste kasu batzuetan, edo ez du merezi edo ezin da egin. Izan ere, lortu behar duguna da arbola bat handia haztea, baina, betiere, arriskurik sortuko ez badu.
Eta zer da arriskua eta zer ez?
Arriskurik ez sortzeak ez du esan nahi ez denik ezer pasatuko. Zero arriskurik ez dago, ez, behintzat, arbola guztiak bota ezean, baina, jakina, arbola guztiak botatzen baldin baditugu onurarik ere ez dugu jasoko eta gure herriak ez dira bizitzeko lekuak izango. Lortu behar duguna da arrisku hori gauzatzen denean kalterik ez eragitea. Ekaitz handiko egunetan edo haizete handiak direnean jausten dira adarrak eta; normalean, kalean ibiltzeko girorik egiten ez duenean, inor ez dabilenean, alegia. Palmondo bat jausi eta 19 urteko neska bat hil zen Bartzelonan, bai, baina ba al dakigu zenbat jende hiltzen den errepide istripuetan? Autoa hartzeari utzi diogu horregatik? Guk badakigu nola hazten diren arbolak, zenbat lur bolumen behar duten handiak hazteko eta seguruak izateko.
Jendea kexu da frontoi atzeko espaloia harrotua dutelako sustraiek. Esku hartu beharko litzateke?
Bai. Quercus espezieko arbola klase bat dira, oso azkar hasten direna, eta hiruzpalau urtean behin inausita mantentzen direnak dauden moduan. Arbola horiek ezin dira berriro naturalizatu eta gastu handia dira Udalarentzat. Guztira ez dira dozena bat izango, baina han lur osoa altxatu beharko litzateke, eta bizpahiru bakarrik laga, arkitekto batekin batera espaloi osoa berriro diseinatuta. Guk jarri ditzakegu sareak eta abar, sustraiak nahi ditugun lekura haz daitezen, eta lurrazpian zubiak eraikita egin dezakegu bidea sustrai horiek inguruko parterreetatik elika daitezen. Nolanahi ere, kalea berritzea erabakitzen den arte, alferrik da horri ekitea. Baldosak berdindu ditzakezu, baina aldi baterako partxe bat jartzea baino ez litzateke hori.
Gorriz markatu dituzue oker daudenak. Herriko Enparantza osoa dago gorri.
Bai; oso-osoan aldatu beharko litzateke. Hiri askotan ari dira asfaltoa kentzen, eta ez dira kapritxoz ari, baizik eta hori egin ezean ezingo delako etorkizunean hiri horietan bizi. Amaitu dira porlanaren urteak Europan. Ez dakigu bost-hamar urte barru zer izango dugun, baina bistan da bizi-baldintzak okertu egingo direla klima aldaketaren eraginez. Prestatu egin behar dugu gero eta sarriagoak izango diren beroaldietarako, eta iragazkor egin behar ditugu gure kaleak, bat-bateko eurite handietarako.
Derrigor bota beharreko arbolarik badago herrian?
Bai; nik ez dizut esango apaingarri funtzioa betetzen duten arbolak sobera daudenik, herri baten estetika ere zaindu behar delako, baina guk bizi-kalitatea hobetzeko erreminta direnen alde egin behar dugu. Urban Foresten arabera, Mendaron 137 arbola dira bota beharko liratekeenak, 113 dira onargarriak eta 318 egokiak. Gertatzen dena da bota beharko liratekeen horietatik asko kalea bere osoan berritzen denean bota beharrekoak direla. Kilimon etorbideko platanondoak, txorkoan daudenak, denak bota beharko lirateke, adibidez, eta Herriko Enparantza buelta osokoak ere bai; baita Trinitate kaleko espaloikoak ere.