Jubilatuen tabernaren ustiapenerako prozesua abiarazi du Mendaroko Udalak

Ainara Argoitia Arano

Jubilatuak, jokoan, jubilatuen taberna zaharrean, orain berritzen ari direnean. Artxiboko argazkia.

Jubilatuen taberna-kafetegia ustiatzeko kontratazio-prozedura hastea erabaki du Mendaroko Udalbatzarrak, aho batez.

Kontratazio-espedientea onartzearekin batera, hura arautuko duten administrazio-klausulen eta preskripzio teknikoen agiriak ere onartu dituzte. Kontratazioa prozedura irekiaren bidez egingo dute, eta gutxieneko lizitazio-kanona urteko 4.500 eurokoa izango da. Kontratua, berriz, urtebeterako izango da, eta urtez urte luzatu ahal izango dute, gehienez ere lau urtez. Interesdunek, beraz, beren proposamenak aurkezteko garaia dute orain. 

Enetz Ezenarro alkateak esan du jubilatuen lokalaren eta tabernaren obra eta orain martxan jarriko duten taberna berriaren ustiapenaren lizitazioa agintaldi honetako "proiektu nagusienetakoa" dutela. "Bai tabernaren eta bai jubilatuen lokalaren kasuan, azpiegitura handitu eta hobekuntza sakonak egiten dihardugu, biek ala biek mendaroarrei ematen dieten zerbitzuaren garrantzia ulertuta. Herritarren sozializaziorako eta komunitatearen kohesiorako ezinbesteko guneak dira horrelako espazioak gaur egun; zer esanik ez, gurea bezalako herri txikietan. Eta, horregatik, behar zen denbora hartu nahi izan dugu hainbat eragilerekin hitz egin eta urratsak ondo pentsatuak izan zitezen", zehaztu du.