Euskararen alde indarrak batzeko bilera antolatu dute Mendaroko Udalak eta UEMAk urriaren 15erako

Ainara Argoitia Arano

Arnasguneetan eta Mendaro bezalako udalerri euskaldunetan datuek eta azken ikerketek erakusten duten bilakaerarekin kezkatuta sortu zuen Esnatu ekimena UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta herriz herri ari dira aurkezteko bilerak egiten. Mendaron, urriaren 15ean aurkeztuko dute, eta euskararen alde indarrak batzera deitu dituzte herritarrak UEMAk berak eta Mendaroko Udalak.

Arnasguneak eta udalerri euskaldunak "giltzarriak" dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa ikusten du UEMAk, "euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen". Eta ekimen horren baitan antolatu dute Mendaron urriaren 15eko bilera. Udaletik herriko elkarte eta eragile guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, egungo egoera iraultzeko denon premia dagoela gogorarazita. Udaletxean izango da bilera, 18:30ean.