Landa erretegitik metro gutxira dago Gartzianeko aparkalekua eta sarri izaten dira han gama altuko autoak aparkatuta, Landanera etortzen diren poltsiko beteko bazkaltiarrenak sarri, baina banaka batzuk izaten dira, eta gutxitan porscheak. Atzo, baina, Garagartzako aparkalekuan gaur porscheak ikusteko aukera izango zela zabaldu zen herrian. Porsche autoen kontzentrazioa izango zela zioten batzuek sare sozialetan; erakusketa izango zela beste batzuek, eta egiaz, inor ez zebilen guztiz oker. Izan ere, hantxe daude eguerdia ezkero dozenatik gora auto distiratsu aparkatuta, zein baino zein garbiago, eta ikusmiran dabil hara-hona jendea.
Goizean, mutiko ugari ibili dira inguruan, eskuko telefonoak hartu eta autoei argazkiak egiten, eta gutxi batzuek gidarien eserlekuetan jartzeko aukera ere izan dute jabeak inguruan zebiltzan bitartean. Valentziatik etorritako auto jabe baten emazteak hala aitortu dio BARRENAri, Mendaroko haurrei autoa erakusten ari zen senarrari begira jarrita: "Ez sinistekoa. Zortekoak dira ume hauek, nire senarrak oinutsik sartzera behartzen ditu-eta bere seme-alabak". Azaldu duenez, jai-zubia igarotzera etorri dira Euskal Herrira. "Lagun kuadrilla bat gara eta egiten ditugu tarteka irteera batzuk autoan. Gutako batek Mendarokoa du senide bat, eta jakin genuenean Landa abenduan ixtekoa zutela lekua hartu zigun bazkaltzeko. Lehen ere etorriak gara eta asko gustatzen zaigu inguru hau. Gaur, Donostian igaroko dugu gaua gutako batzuek, eta beste batzuek Bilbon", azaldu du bisitarietako batek.