Hiru laguneko taldeak osatuko dituzte izena emandakoen artean, eta erreleboka igoko dira Herriko Enparantzatik Gaintxipia tontorreraino. Erronkarako Uztargin eman behar da izena, eta baldintza bakarra bete behar da horretarako: 16 urte beteak izatea. 09:30ean abiatuko dira lasterka talde bakoitzeko ordezkari bana udaletxe atzetik eta Etxabeko bidegurutzean eta Berasaluzen izango dituzte taldekideak zain, erreleboa emateko. Taldeak, berriz, ostiralean osatuko dituzte, zozketaz - 20:00etan dute egitekoa zozketa-.
Goizean jokatuko da erronka, baina zapatukoa egun osoko jaia izango da Mendaron. Izan ere, hainbeste gazte jendek partze hartzen duten ekimenek berez sortzen dute jai-giroa herrian. Zapaturako, poteo ibiltaria iragarri dute eguerdirako, eta bazkaria egingo dute gero Luzaiden. Arratsalderako, berriz, La Tuna Bando txaranga lotu dute, eta gauean DJa izango dute gaztetxean.