Orain arte, gaztelekua ez, baina ludoteka zerbitzua ordainpekoa zen Mendaron, eta Udalean jabetu dira horrek desberdintasunak sortzen zituela familien zein umeen artean, herriko bizitzaren kaltetan. "Mendaroko haur eta gazteen aisialdi hezitzailea unibertsalizatu eta zerbitzuaren izaera soziala indartu nahi dugu", zehaztu dute horren harira. Zaborren kasuan, hondakinen bilketaren prezioa %1,5 igoko da. Zerbitzuaren ardura duen mankomunitateak Udalari aplikatuko dion igoera bera aplikatuko zaie, hala, etxebizitzei, eta, ondorioz, etxe bakoitzak urtean 2,5 euro gehiago ordaindu beharko ditu zerbitzu horregatik. Nolanahi ere, salbuespen bat egitea erabaki dute zaborraren gaian, komertzio eta ostalari txikien kasuan: haiei erdira jaitsiko diete tarifa.
Beste zenbait salbuespen ere badaude gainerako udal tasa eta prezioetan. Batetik, frontoiko eta padel kantxako alokairuaren zenbatekoa bere horretan uztea erabaki dute. Beraz, gimnasioko urte osoko bazkide ez direnek 10 euro ordaindu beharko dituzte orduko, eta bazkide direnek, 5 euro. Hileta zerbitzuetan, berriz, kontratatutako enpresak Udalari aplikatuko dion igoera bera, %3,7koa, aplikatuko die Udalak erabiltzaileei. Gauzak hala, errautsak hobiratzeko zerbitzua 10 euro garestituko da, eta ehorzketa zerbitzua, berriz, 20 euro.
Alkateak esan du hartutako neurrien helburua zera dela: "Udal zerbitzuak mantenduz bizi dugun egoeran herritarrei babes pixka bat eskaintzea, azken hilabeteetako KPIren gorako joeraren aurrean igoeraren parte bat Udalak bere eginez. Iraileko EAEko KPI %5era iritsi zen, baina %3ko igoera aplikatuko dute orokorrean.