Zein izan zen antzezlana sortzeko bultzada?
Ba, gure aurreko lana: Zopa. Mirari Martiarenak idatzi zigun gidoia eta hainbat herritan plazaratu genuen. Izugarrizko arrakasta izan genuen, eta, bira hura amaitu ondoren, beste proiektu bati heltzeko gogoa piztu zitzaigun. Hala ari ginela, iruditu zitzaigun erronka ezin hobea izango zela duela 30 urte estreinatu eta Euskal Herriko aretoak puntaraino bete zituen Ama, begira zazu antzezlanarekin saiatzea. Segurako festetan estreinatu genuen, eta orduan hasi genuen bira.
Hamaika agertoki bete zituen 80ko hamarkadan jatorrizko antzezlanak. Zer oroitzapen duzu ordukoaz?
Azkoitian zuzenean ikusteko aukera izan nuen, eta sekula ahaztuko ez dudan eguna izan zen. Garai hartan, Arte Dramatikoko ikasketak egiten eta Antxieta antzerki taldean antzezten ari nintzen. Bizi nuen interpretazio mundua. Jose Ramon Soroiz, Mikel Garmendia, Elena Irureta eta gure Kontxu Odriozola maitearen oholtza gaineko lanaz gozatu nuen. Barrezka jardun nuen, malkoak isurtzeraino. Gogoratze hutsarekin, irribarre bat marrazten zait orain ere aurpegian. Ikuskizuna sei esketxez osatuta zegoen eta orduko gizarteari egiten zion kritika, umorea erabilita. Ordutik, lan-metodo hori askotan erabili izan dut.
Antzezlana oholtzaratu aurretik izan al duzue aukerarik orduko lantaldekoekin hitz egiteko?
Bai; Elena Iruretarekin jarri nintzen harremanetan baimena eskatzeko. Azaldu nion Xirikarak Ama, begira zazu berpiztu eta Euskal Herriko txoko guztietara eramateko asmoa zuela. Garai bat markatu zuen jatorrizko obrak, eta, 30 urte pasata, gure omenaldi xumea egin nahi geniola esan nion. Pozarren entzun zuen. Bizipen onez betetako oroitzapenak etorri zitzaizkion burura, eta hunkitu ere egin zen. Ideia bikaina iruditu zitzaion, eta, inolako eragozpenik jarri gabe, aurrera ekitera animatu gintuen. Hala hasi ginen buru-belarri lanean, denbora errekorrean estreinatzeko.
Zer egitura eman diozue 80ko hari?
Obraren esentzia, dekoratua eta umorea errespetatu egin ditugu. Testuan aldaketa batzuk egin behar izan ditugu, eguneratzeko. Gaur egun, umorea askoz askotarikoagoa da, eta kontzientzia soziala ere ezberdina da. Nahiz eta oraindik umore probokatzailea egon, gai jakin batzuei buruzkoan filtro zorrotzagoa erabili dugu. Esketxen ordena aldatu egin behar izan dugu. Jatetxe bateko langileen gorabeherekin hasten da, eta mojaren eta gotzainaren arteko ika-mika dator gero. Harri-jasotzaile baten entrenamendu ezinezkoa da hirugarren esketxeko gaia, eta bi emakume ezkongaberen etxera bisitan datorren Jehovaren lekukoari eskainia da laugarrena. Bosgarrenean, Torremolinosen uda igarotzen ari diren bikote baten abenturak kontatu ditugu, eta seigarrenean, Euskal Telebistako kazetari bati kaleko inkesta bat egin nahian ari dela gertatzen zaizkionak.
Zer harrera izan duzue? Zer esango zenieke mendaroarrei?
Ormaiztegi, Ibarra, Gabiria, Berrobi, Ordizia, Legorreta... herri guztietan harrera ezin hobea jaso dugu. Antzokiak bete egin dira eta algaraka ikusi ditugu ikusleak. Azaroaren 22an, Azpeitiko 44. Euskal Antzerki Topaketetan izango gara, eta igandean Mendaron gozatu ahal izango duzue zuek. Beraz, prestatu barrez lehertzeko eta hitanoaz gozatzeko!
