Zabaldu dute Kontzezio Azokan mahaia jartzeko eskaera egiteko epea

Ainara Argoitia Arano

Inguruko baserrietako ganadua ere izaten da azokan.

Abenduaren 5ean egingo dute Mendaron Kontzezio Azoka, eta Udaletik jakinarazi dute azokan postua jarri nahi dutenek zabalik dutela eskaerak egiteko epea.

Ospakizun handia izan ohi da Mendaron Kontzezio Azoka, Kontzezio Egunaren bueltan -abenduak 8- egin ohi den neguko azoka. Ortuariak, gaztak, gozo-gauzak eta artisau lanak erosteko eta inguruko baserrietako ganadu eta hegaztiak ikusteko aukera izaten da bertan, eta azokaren harira jai handia egin ohi dute mendaroarrek. Bada, Udaletik jakinarazi dute postua jarri nahi dutenek azaroaren 12ra arteko epea dutela eskaerak egiteko. Horretarako Kultura Sailera deitu behar dute edo kultura@mendaro.eus posta elektronikora idatzi. Mezuan, saltzailearen izen-abizenak ez eze, salduko diren produktuen ezaugarriak zehaztu behar dira. Era berean, jakinarazi dute postuak banatzeko garaian honako irizpide hauek hartuko dituztela kontuan: eskuz egindako produktuak ote diren salduko direnak, saltzailea mendaroarra den eta helburu kolektibo edo soziala izatea salmentak.

Bide batez, egun horretako jai-egitarauaren berri ere zabaldu du Udalak. Honakoa duzue:

  • 10:00: Dultzaineroen kalejira
  • 10:00:  Azoka zabalduko dute, frontoian
  • 11:00:  XII. sagardo lehiaketa. Arno guraso elkartekoek egingo dituzte zerbitzari lanak.
  • 11:30: Haur parkea ikastolako jolastokian
  • 12:00: Mendaroko Gazteak dantza taldearen emanaldia
  • 14:00: Sari Banaketa ekitaldia  eta hiru kirolari esanguratsuri aitortza -ez dute aurreratu nortzuk izango diren- 
  • 18:00: Tortila eta gazta pintxoen salmenta euro baten. Motxaila Elkartekoek egingo dituzte zerbitzari lanak
  • 19:00: Zerotan taldearen kontzertua. Ondarrutarrak dira eta herriz herri dabiltza kontzertuak ematen. 24. Korrikaren amaierako jai erraldoian jo zuten esaterako edota Ondarroako Zapato Azule eta Andramaixak bezalako jai herrikoietan ere bai.