Osagai ezberdinak izan zituen herriko eragile ezberdinek atzo arratsalde-iluntzeko antolatu zuten egitarauak, bai eta gune ezberdinak ere ospakizunak. Frontoian izan ziren eguneko lehen ekintzak. Txikienentzako txokoa prestatu zuten han, eta aurpegiak margotzen eta eskulanetan aritu ziren. Gaileta tailerra ere egin zuten, eta frontoitik metro gutxira, etorkizuna iragartzeko kontsulta atondu zuten Galletiak Fabrik-eko lagunek beren gozotegian. Binan-binan sartu zen jendea hara, aztiek esateko zutena entzutera.
18:00etan, berriz, Pasabide Beldurgarria zabaldu zuten Arno guraso elkartekoek San Agustin kulturgunean, eta arrapataka egin zuten harako bidea haur, gazte eta gurasoek plazatik. Gaztetxe ondoko eskailerataan gora ilarak sortu ziren orduak aurrera egin ahala, eta emozio gogorrak ase gosez ziren lagunak taldeka sarrarazi zituzten barrura. Barruan zain zituzten mamu, sorgin eta enparauak, korridore zokondoetan ezkutatuta, eta garrasika egin zuten aurrera askok eta askok. Eta, jakina, izan zen beldurrak dantzan jarri eta negar intzirika aurrera barik atzera egin behar izan zuenik ere.
Azaleko bideoa Arno guraso elkarteko Ion Urbieta kidearena da.