Gertakariak

Lapurretara sartu dira Aingeru Guardako ermitan

Ainara Argoitia Arano

Parrokiatik jakinarazi dute Aingeru Guardako ermitako egurrezko ate sendoa apurtuta agertu dela gaur goizean. Ez da lehenengo aldia lapurretara sartu direna. Lapurrak diru bila sartu izan dira beti, eta oraingoan ere horretara sartu diren ustea dute parrokiako arduradunek, beste guztia bere lekuan topatu dutelako. 

Eraman dutena baino gehiago da egin duten kaltea. "Egurrezko ate sendoa dauka ermitak, bi hegalekoa, eta hegal bat apurtu dute", zehaztu dute. Lapurrak barruan ibili diren itxura hartu dute goizean atea apurtuta topatu dutenek, baina ez dute elizako apaingarririk falta denik igarri. 

Aingeru Guardakoan hori, baina Aranerrekan ere izan da asteon lapurreta bat. Udaletik jakinarazi dute Presape ondoko eserlekuetako baten oholak desagertu direla. Ez da estreinako aldia Mendaron kale altzariak eta bestelakoak lapurtzen dituztena. Azkena, badenak ere lapurtu zituzten Alkorta bidean, Gaupasa elkartearen parean.