"Sailkapenak itxuratu du pixkat, baina ezin esan oso gustura nagoenik. Ez nuen etxean egindako lanik egin plazan. Ez nintzen gustura aritu", aitortu du Hodei Ezpeletak. Hirugarren sailkatu zen atzo, gaur gaurkoz garaiezina dirudien Iker Vicenteren eta izugarrizko lana egin zuen Julen Alberdiren atzetik. Arriaren marka gainditu eta Aitzol Atutxarena berdindu du Vicentek, Euskal Herriko Txapelketan bosgarren txapela jantzita.
Hamabi enbor ebagi behar izan zituzten: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta beste lau oinbiko. Iker Vicente otsagabiatarrak 42 minutu eta 55 segundo behar izan zituen lan guztiak osatzeko, eta bi minutu eta 24 segundoko aldea atera zion Julen Alberdiri. Hasi eta bat jarri zen aurretik Vicente, baina estutu zuen Alberdik. Lehenengo hiru bat enborretan 30 bat segundora izan zuen Alberdi atzetik Vicentek, baina zortzigarren enborretik aurrera aldea handitu zuen otsagabiatarrak. Hala ere, estutua eman zion azkoitiarrak. "Sekulako lana egin zuen Txikiak atzo. Nik ere nahi nuen, eta etxean egin ditudan denborekin pentsatzen nuen aukera izan nezakeela neuk ere Vicente gehiago estutzeko, baina ez nuen jakin azken asteko presioak eta egunean bertakoak kontrolatzen. Landu behar dut hori gehiago. Iker zezenaren pare dabil, eta bera neukan irabazteko faborito, baina nahi nuen hura gehiago estutu. Eta,Txikiak, berriz, itzela egin zuen atzo. Azken lau enborretan sufritzen jakin nuelako eskuratu dut hirugarren postua", nabarmendu du mendaroarrak.
Orain, Kirol-Herra Txapelketa dauka begiz jota Ezpeletak, eta harako prestatuko da buru-belarri, gaur atsedena hartuta. Izan ere, kanporaketa dauka asteburuan Oikian. Julen Alberdi Txikia, Arkaitz Etxebeste eta Xabier Zalduarekin lehiatuko da. "Finalerako sailkatzea da helburua, baina horretarako kanporaketan egin behar da lan lehenengo", esan du.