Joan zen ikasturtean bi lan-ildo nagusi jarri zituzten martxan Hezkuntza Forotik: filosofia-tailerrak eta baratze-proiektua, eta aurten, biei eustea erabaki dute, balorazioak oso izan direlako positiboak. Jakinmin elkarteak gidatuko ditu filosofia tailerrak. Euskal Herrian Haur Filosofiaren teoria eta praktika sustatzeko sortu zuten Jakinmin elkartea sei filosofia irakaslek 2018an, haurrek berezkoa duten pentsamendu filosofikoa sustatzeko eta eskolan pentsamendu kritikoa lantzeko bidea egiteko. Horrezaz gain, beste helburu bat ere jarri zioten beren buruari: euskarazko materiala sortzea Haur Filosofia lantzeko.
Joan zen udaberrian, hiru formazio-saio gidatu zituen Jakinmineko presidente Imanol Alvarez filosofia irakasleak Mendaroko eskolan, haur eta irakasleekin. Baratze-proiektua ere indartu zuten iaz, Gym Berdekoen eta Jose Anjel Isasti mendaroarraren borondatezko lanari esker. Ikastetxean, Haur Hezkuntzako sarreran, baratze-kajoiak prestatu zituzten, eta ikasturte amaierarako uzta oparoa bildu zuten eskola-umeek. Bada, bi proiektu horiei eutsiko diete aurten. 2027ko urtarrilerako aurreikusi dituzte filosofia-tailerrak eta aurki hasiko dira baratzea prestatzen ere. Momentuz, ikastetxean dituzten bankaletan hasiko dira haurrak lanean, Isastiren gidaritzapean, baina Udalak EuskoTrenekin hitz egiteko konpromisoa hartu du, haren jabetzakoa den lursail bat proiektu honetarako erabiltzeko baimena eskatzeko.
Euskararen erabileraren neurketak jolastokian
Bestetik, eta euskararen erabileran izan den apaltzeaz kezkatuta, neurketak ere egin dituzte eskolako jolastokian, jolasorduan. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Udala, eskola eta Arno guraso elkartea arduratu dira horretaz, bai eta emaitzak gizarteratzeaz ere. Datuak, ezin uka, kezkatzekoak dira. Lau egunetan egin zituzten neurketak, urtarrilaren 26tik 30era, jolasorduan. Irakasleak eurek aritu ziren neurtzen. Guztira 383 elkarrizketa behatu zituzten, eta horietan 1.338 solaskideren hizkuntza erabilera jaso zuten: HH2-HH3n, 20; HH4n, 89; HH5en, 129; LH1en, 146; LH2n, 120; LH3n, 185; LH4n, 252; LH5en, 133 eta LH6n, 250. Solaskide horietatik 648 euskaraz aritu ziren, 656 gaztelaniaz, 30 ele biz eta 4 beste hizkuntza batean. Elkarrizketen %47,3 euskaraz izan ziren, %50,7 gaztelanaiz, %1,8 ele biz eta %0,3 beste hizkuntza batean.
Beraz, jolastorduan euskaraz ari direnak ez dira erdiak izatera iristen, eta gainera, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara, euskararen erabilerak behera egiten du, %35. Bada beste datu esanguratsu bat ere, generoari lotutakoa. Jasotako elkarrizketa guztietatik 639 alditan solaskideak neskak izan dira, eta 661 alditan, mutilak. Neskak solaskideak izan diren 363 alditan, aldien %56,8an, euskaraz aritu dira; eta mutilen kasuan, euskaraz aritu dira 249 alditan, aldien %37,7an. Beraz, nagusiagoetan gertatzen den bezala, eskola-umeetan ere, neskek euskara gehiago egiten dute mutilek baino.
Elkarrizketen %47,3 euskaraz izan ziren, %50,7 gaztelanaiz, %1,8 ele biz eta %0,3 beste hizkuntza batea
Telefonoaren gehiegizko erabileraz hausnartzeko saioa
Telefonoaren gehiegizko erabilerak ere kezkatuta ditu Hezkuntzako Foroko eragileak, eta horren inguruan hausnartzeko eta haurrak nahiz gurasoak kontzientziatzeko, tailer bat antolatu dute, hezkuntza digitalean aditua den Julen Linazasororekin. LH3tik LH6ra arteko ikasle eta gurasoentzako formakuntza izango da. Abenduaren 2an izango da, 18:00etan, ikastolan, eta izena eman behar da, liburutegian edo eskolan bertan.
Harrera-protokoloa
Herriko eragileen arteko koordinazioa sustatzea izango da ikasturte honetarako Hezkuntza Foroaren beste erronketako bat. Eta horren barruan, konpromiso bat ere hartu dute eragileek: bakoitzak bere harrera-protokoloa idatziz bidaltzea, denen artean harrera-protokolo osoago bat diseinatzeko.