Ikuskizun hibridoa da, hitzak eta zuzeneko musika uztartzen dituena. Oholtzan, Patxo Telleriaz gain, bi musikari arituko dira: Adrian Garcia de los Ojos –ikuskizunaren zuzendari musikala ere bada– eta Maider Lopez. Obraren zuzendari eszenikoa, berriz, debabarrendar bat da: Jokin Oregi soraluzetarra.
"Hamarkadak pasatu dira kanta horiek konposatu zirenetik, baina ez dute galdu orduko indarra. Eta, horrexegatik, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia direlako, izan dut kantok berregituratzeko eta birkodetzeko ausardia. Gureak direlako. Nireak direlako", dio Patxo Telleriak. Jatorrizko kantuen zati laburrak kantatuko dituzte, tarteka, oholtzan, baina gaur egungo begiradatik. Joxan Artzek, Xabier Letek, Joseba Sarrionandiak eta abarrek idatzitako hitzak izango dira abiapuntu, beraz, eta "desegituratuta eta desitxuratuta" aurkeztuko dituzte; berdin, melodia. Nabarmendu dute eszenaratzea "minimalista" izango dela, protagonistei, "hitzari eta musikari, garrantzirik handiena emateko", eta Zumetaren iruditeria estetikoa baliatuko dutela eszenografiarako.