Berdel Eguna jada ezinbesteko hitzordu bihurtu da askorentzat. Berdela sustatzeko helburuarekin 1993an jaio zen ekimen xume hura denborarekin herriko ospakizun nagusietako bat izatera ailegatu da. Urtez urte sendotuz joan da, eta gaur egun identitate propioa duen jaia da Mutrikun.
Haren arrakastaren gakoa herritarren parte-hartzea eta boluntario askoren lan isila eta nekagabea dira. Horri esker, herria itsasoaren eta gastronomiaren topaleku bihurtzen da egun batez. Hain zuzen, 29. aldia ospatuko dute bihar (martxoak 28), eta moila berriz ere jendez gainezka egotea espero dute.
Eguerdian izango da ekitaldi nagusia. 13:00etan hasiko den herri-dastaketan sasoiko arrain urdina izango da protagonista nagusia. 1.200 kilo inguru lehengai erabilita milaka mokadu prestatuko dituzte dozenaka boluntariok, askotariko proposamen gastronomikoen bidez. Bertaratzen direnek herriko zein inguruko sukaldari, tabernariek eta kontserbagileek berdelarekin egindako sorkuntzak dastatu ahal izango dituzte, zapore eta prestaketa anitzekin. Berdela ezagutzeko eta produktu hori kozinatzeko dauden moduak ikasteko eta ikusteko aukera izango dute.
Ohiko platerak ez dira faltako –marmitakoa, arrain-zopa, piperrada edota berdel errea–. Horrez gain, focaccia, arrautza beteak, aguakatearekin eta pikillo piperrekin egindako konbinazioak, entsalada epelak, krepeak, entsaladilla, berdel frijitua eskabetxean eta txatka ere eskainiko dituzte.
Jakiak eskuratzeko modua, urtero legez, berbera izango da; hau da, mokaduak tiketen bidez banatuko dituzte: euro baten truke bi pintxo eskuratu ahal izango dira. Platerkaden kasuan –marmitakoa, arrain-zopa, piperrada eta berdel errea–, tiket bakarraren truke emango direla azpimarratu du antolakuntzak.
Jarduera sorta zabala
Biharko jaia, baina, ez da gastronomia kontua soilik. Mutrikuko Udalak jarduera-sorta zabala ondu du, herriko eragile ugariren laguntzarekin. Goizean hasiko da mugimendua. 10:00etan irekiko dute egitaraua, GRABNI txapelketako pilota partidekin; Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioak aurrez aurre arituko dira lehian, Miruaitz frontoian. 16:30ean, berriz, binakako neurketek emango diote jarraipena txapelketari.
10:30ean, Kofradia Zaharreko arkupean, Izan arrantzale tailerrak itsas mundura gerturatuko ditu haurrak eta gaztetxoak. Goizean bestelako ekimenek ere osatuko dute eskaintza: 11:00etan, belaontzien arteko IX. txapelketa eta Mutrikuko eta eskualdeko ekoizle artisauen eta sortzaileen azoka izango da portuan, eta 12:00etan, herriko abesbatzen doinuek beteko dute Zabiel plaza.
Berdel dastaketa hasten den une berean –13:00–, gainera, trikitilariek kaleak girotuko dituzte. Eguna borobiltzeko, 19:00etan, Izan Bai heavy metal eta hard rock taldearen eta Bide Batez erromeria taldearen kontzertua izango da portuko oholtzan.
Aitortza eta atariko giroa
Egun handia biharkoa bada ere, egitaraua martxan da jada. Martxoaren 18an hasi zuten jaia, Berdelaren egungo egoera, zer dakigu eta nola kudeatzen da? hitzaldiarekin.
Hurrengo egunetan ere hainbat hitzordu izan dira, eta horien artean nabarmenena Berdel Aipamena izaten da, herriko pertsona edo elkarte baten lana aitortzen duena. Aurten, Kalbaixoko ermitari lotuta dagoen Kalbaixoko Kristo Deunaren Kofradiako kideek jaso dute saria, "era batera edo bestera, herriaren irudi ona zabaltzen lagundu izanagatik". Martxoaren 20an banatu zuten, eta, aitortza jasotzera kofradiako hainbat kide bertaratu baziren ere, saria Mari Carmen Ansorregi Ibiri-k –kofradiako egungo lehendakaria– eta Jose Manuel Arruti Gaztañei-k –urte luzez kofradiako presidente izandakoa— jaso zuten, guztien izenean.
Gainera, gaur (martxoak 27) iluntzean ere izango da giroaz gozatzeko aukera: taberna batzuetan berdela ardatz duten pintxoak emango dituzte, pintxo-pote formatuan, 19:00etan hasita. Ordu berean, VII. Berdel Txapelketaren finala jokatuko da, Danok Bat Pilotazale Elkartearen eskutik. Miruaitzera joaten direnek elite mailako zesta-punta partidak ikusteko aukera izango dute.
