Mutrikuko etxez etxeko zaintzaileek eta enpresak lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen hitzarmena sinatu dute

Barrena 2026ko abuztuaren 11

Langileen ordezkariak hitzarmena sinatzen.

ELA sindikatuak eta Bizitzen enpresak sinatutako akordioari esker, etxez etxeko zerbitzuko 14 langileek % 33ko soldata-igoera eta lanaldiaren 148 orduko murrizketa izango dituzte.

Uztailaren amaieran, ELAk eta Mutrikuko etxez etxeko zerbitzua kudeatzen duen Bizitzen enpresak sektoreko lehen hitzarmena sinatu dute Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Sindikatuak adierazi duenez, "akordio honek nabarmen hobetuko ditu orain arte egoera prekarioan lan egiten zuten beharginen baldintzak", eta pauso garrantzitsutzat jo du zaintza-lanak zein langileen jarduna aitortzeko bidean.
 
Mutrikuko Udalak esleitutako zerbitzu honetan 14 langilek dihardute lanean, eta gehien-gehienak emakumeak dira. Haien eginkizuna herriko adineko pertsonei zein mendekotasuna dutenei laguntzea da, zaintza, etxeko martxa eta bizitzeko beharrezkoak dituzten gainerako lanak erraztuz. Sindikatutik gogorarazi dutenez, adineko pertsona askorentzat langile hauek egunean zehar duten harreman bakarra izaten dira.
 
Sinatutako hitzarmen berriari esker, hainbat hobekuntza garrantzitsu lortu dituzte. Besteak beste, langileek % 33ko soldata-igoera eta urteko lanaldian 148 orduko murrizketa izango dutela zehaztu da. Horrez gain, aldi baterako ezgaitasun (IT) osagarrietan ere hobekuntzak adostu dituzte.
 
ELAk zabaldu duen oharrean gaineratu duenez, azken hamarkada honetan "borrokan eta antolatzen" dihardute "pribatizatutako zaintza-sektore honetan", eta  lortzen dihardute "lan-baldintzak pixkanaka hobetzea tokian tokiko hitzarmenen bidez". Azkenik, sindikatuak Mutrikun lortutako hitzarmena txalotu du baina ohartarazi du ibilbidea ez dela amaitu, eta etxez etxeko zerbitzua publifikatzeko borrokan jarraituko dutela.