Errepresio frankistak jazarritako guztiak oroitu dituzte gaur Saturraranen, emakumeentzako kartzela izan zen lekuan

Ainara Argoitia Arano

Gipuzkoan errepresio frankista jasan zuten milaka lagun oroitzeko astea izan dute iragan den hau Mutrikun, eta, horren baitan, frankistek kartzelara, hiltzera, erbestera edo umiliazio publikora kondenatu zituztenei aitortza egiteko eta haien oroimena bizirik mantentzeko programa osatu dute Saturraran Elkarteak eta Mutrikuko Udalak. Gaur, borobildu dute aste guztian egindakoa, Saturraranen eguerdian egin duten ekitaldiarekin. 

Urtean behin egin ohi duten ekitaldia izan da gaurkoa. 1938tik 1944ra emakumeentzako kartzela izan zen inguruan elkartu da jendea, biktimen oroimenez, eta ekitaldi xume bezain hunkigarria ondu dute. Lore eskaintza egin dute lehenengo, garai batean kartzela izan zen lekuan jarritako monolito aurrean, eta aurreskua dantzatu dute dantzariek jarraian. Ondoren, Gazte Asanbladakoek hartu dute hitza errepresio frankistak jazarri zituztenak oroitzeko. Orduko eta gaurko garaiak alderatu dituzte, eta faxismoaren gorakadaz ohartarazi. Gero,  astean zehar egin dituzten ekintzen errepasoa egin dute antolatzaileek. Batetik, astelehenetik gaur arte Zabiel kultur elkartean ikusgai izan duten erakusketa aipatu dute, Aranzadi Zientzia Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz prestatutako Frankismoak errepresaliatutako emakumeak izenburukoa, hain zuzen ere. Eta bestetik, Arantza Ugarte mutrikuarrak ostegunean eman zuen 90 urte ondoren hitzaldia ere ekarri dute gogora. Ugartek Alejandro Arrizabalaga Sanjuantxikiri eskaini zion hitzaldia.

Gaurko ekitaldian, Saturraranen preso izan zituzten lau emakumeren seme-alabek ere parte hartu dute,  argazki errepasoan ikus ditzakezuenak: Mari Campos, Mertxe Gallardo, Luiziano Elkoroiribe eta Natividad Morcilloren alaba. Ekitaldia esker on berbekin amaitu dute antolatzaileek, eta mezu bat zabaldu dute, urtero gogora ekartzen dutena: oroitzea dela gertatukoa ez ahazteko bidea. Ekitaldi amaieran, montxorra egin dute.

Alejandro Arrizabalaga 'Sanjuantxiki'

Sebastian Arrizabalaga eta Juana Antonia Arrietaren semea izan zen Alejandro Arrizabalaga Sanjuantxiki, 1936ko urriaren 22an frankistek Mutrikuko kanposantuko hormaren kontra fusilatu zutena –Ahotsak.eus-en dago haren alaba Maria Doloresen testigantza–. Juana Mugerzarekin zegoen ezkondua eta bost seme-alaba zituzten. 1932-1933an zinegotzi izan zen Mutrikun, eta etxetik hurbil gaztainak biltzen ari zela hartu zuten atxilo. Kartzelaratu egin zuten gero. Hirugarren egunean, inkomunikatuta zegoela esan zieten senideei. Fusilatu egin zuten. Biharamunean, Zipriana Lete eta Paulina Flores hura lurperatu zuten lekura joan ziren, Jaime Arriola medikuarekin. Orduko ehorzlearen laguntzarekin, Sanjuantxiki lurpetik atera, garbitu, hilkutxan sartu eta berriro eman zioten lurra; orduan, baina, hilerri barruan.