Txosnaren partez, otarra eta bonoak

Egoitz Unamuno 2020ko uztailaren 24a

Euskal presoen aldeko otarra.

Aurten, euskal presoen aldeko elkartasun taldeak ez du Plaza Zaharrean txosnarik ipiniko. Horren ordez, Elkartasunak ez dauka etenik  lemapean, gaur eta bihar, otar bat zozkatu eta bono-laguntzak salduko dituzte, presoen alde dirua biltzeko. 

"Gure egoera larria bada, oraindik eta larriagoa da preso dauden ehunka euskal herritarrena; hortaz, egoera honetan ere zure ekarpena beharrezkoa da”, adierazi du elkartasun taldeak, eta txosnaren ordez bi ekimen abiatu ditu: alde batetik, salgai ipini dituzte “FILA 0” izeneko bono-laguntzak 10 eta 15 euroan, Iratxon, Arranoan eta Gaztelupen, eta bestetik, gaur eta bihar, zozkatuko duten otarraren errifak salduko dituzte kalean. Otarrean 10 lagunendako sagardotegiko menuari dagozkion osagaiak sartu dituzte: txuletak, bakailaoa, sagardoa…
 

Eskerrona herritarrei

Azkenik, elkartasun taldeak eskerrak eman nahi dizkie urtetan txosnan lagundu duten herritarrei: “Hasteko, eskerrik asko txosnako muntatzaile, zerbitzari, patata-zuritzaile, sukaldari, elektrizista, trapezista eta bestelako lanetan jardun dozuenoi. Mila esker jaiak poztuz, trago zein janen aitzakian, txosnan presoen aldeko ekarpena egin duzuen milaka herritarroi ere”.