Urriaren 23-24an hartu zuen Asigor taberna Alex Elizondok. Soraluzen bizi den eibartarrak, eta, gogotsu ekin dio ibilbide berriari, bertan segitzeko asmo sendoarekin, gainera. “Langabezian nengoen, aukera sortu zen eta esan nuen: ba oraintxe da momentua. Eta gustura nabil. Ni tabernaria izan naiz betidanik eta faltan igartzen nuen. Tailerrean urte piloa egin nituen, baina hura ez zen nirea, nire ustez, hau da nirea. Hemen jubilatuko naiz”, dio.
Tabernan, 11:00etatik 14:30ak arte eta 18:30etik itxi arteko ordutegia dauka egunerokoan. Baina Asigor, topagune ere hasi da bilakatzen tarteka-tarteka eta ordutegi hori luzatu ere egiten da. Esaterako, Santo Tomas egunaren bueltan, eguerdian, txistorra parrillan eskaini zuen txistulariek alaituta, eta, segidan, baba-jana egin zuten 30 lagun pasak.
Horrez aparte, kontzertuak ere antolatu ditu, eta, duela gutxira arte, margolanen erakusketa bat ere izan du taberna barruan Alex Elizondok.
Azken asteotan, itxita egon da taberna kudeatzailearen gaixotasunarengatik, baina bihar bertan zabalduko da atzera ere.