Plaza Zaharreko zuhaitza botata, astelehenean hasiko dira etxea eraisten

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 17a

Aurrera doaz Plaza Zaharreko aroztegi zaharra bota eta harmailak eraikitzeko obrak. Atzo, barikua, moztu zuten platanondoetako bat, proiektuaren obra buruak esan ondoren “beharrezkoa” dela. Horrek zeresana eragin du, 100 urte pasako arbola baitzen. EAJ-PNVko udal taldeak, berriz, aditzera eman du obrako teknikariari planteatu ziotela beste bideren bat hartzeko aukera aztertzea, baina adituek ezin zela besterik egin esan, eta atzo, obra-buruak erabaki hori berretsi ondoren bota zutela arbola. Hori horrela, astelehenean hasiko dira aroztegia botatzen. Argazkiak: EAJ-PNV.

Atzo goizean, barikua, Plaza Zaharreko platanondoetako bat moztu egin zuten, inguru hartan gauzatu nahi duten obraren baitan. Eta atzo eta gaur, herritar askoren ahotan dabil arbola horietako bat bota izana, “gerra aurreko” arbola zelako, 100 urte baino gehiagokoa.

Aukerak aztertzeko eskatu

EAJ-PNVren udal taldeak ere plazaratu zuen erabakiarekiko desadostasuna ohar bidez, eta, horren ondotik, asteon, obra exekutatuko duen enpresaren azalpen teknikoak jaso dituzte. Ramon Gallastegi zinegotziak esandakoaren arabera, eurek teknikariari planteatu zioten arbola bota barik, beste bideren bat hartzeko aukera aztertzea. Baina obra diseinatu duen arkitektoak esan zuen azken erabakia obra exekutatuko duen enpresako obra-buruak zuela, eta, haren esanetan, “beharrezkoa” zen arbola botatzea.

Udal Gobernuaren azalpenak

Atzo bertan azaldu zituen Udal Gobernuak erabaki horren arrazoiak,  “Soraluze erdigunean kokatutako obra izaki, ezinbestean, albo kalteak izango dituela” adierazi ondoren, ikusita “eragin nabarmen horiek zenbait kezka eta ezinegon sortu” dituela herritarren artean.

Udalak esplikatutakoaren arabera, obra buruak azaldu zuenez, "jarduketa-eremuko lanak behar bezala eta segurtasunez gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da bertan dagoen arbola kentzea, baita inguruko zuhaitzen adar batzuk moztea ere. Kenduko den arbola karga-hormaren gainean eta lan-eremuaren erdian kokatuta dagoenez, zuzenean eragozten du obren garapena”.

Eta gaineratu zuenez, “eraisketarako erabiliko den makinariak (beso artikulatudun plataforma elebadora eta 20 eta 8 tonatako retroexkabadorak) beharrezko dituen lan-eremua, mugimenduak eta maniobrak egiteko oztopo dela zuhaitza”. Halaber, gaineratu zuenez "lanerako dagoen espazioa oso mugatua denez, arbolaren presentziak erabat eragozten ditu makineriaren kokapena eta maniobrak, materialaren karga eta deskarga, eta obren garapen segurua. Horregatik guztiagatik, obraren bideragarritasuna, segurtasuna eta exekuzio zuzena bermatzeko, ezinbestekoa da lanak oztopatzen dituen arbola kentzea eta lan-eremuan eragina duten adarrak moztea”.

Azalpenok entzunda, Udal Gobernuak berretsi egin zuen “obra gauzatzearen aldeko erabakia. Izan ere, sinesten du Soraluzek, Plaza Zaharrak eta soraluzetarrek askoz ere gehiago irabaziko dutela lanokin, galduko dutena baino”.