Ekimena bost lagun musikariren eskutik dator. Azken urteotan, Martxoaren 8ari "aldarrikapen kutsua baina kantuan eta umoretik edo ezaugarri bereziren bat jarrita egiteko helburuarekin", ekitaldi musikatua taularatu ohi dute. Eta aurtengoa pentsatzen ari zirela, Zea Maysen Elektrizitatea kantuarekin egin zuten topo. "Kantu hori entzun genuenean, 25 kantarik abestu zutena, pentsatu genuen ideia polita izango zela Soraluzeko adin askotariko 100 emakume elkartzea hura abesteko. Hasi ginen zabalpena egiten, jendea animatu zedin, eta, hara, ehunekoa gainditu dugu, 130 inguru gara dagoeneko, eta falta direnak...”, esplikatu du talde eragileak.
Gaineratu dute kantuaren "hitzen indarra eta esanahia" ere hartu dituztela aintzat, "elektrizitatea gara, energia gara, emakumeen indar hori batzeko Martxoaren 8an".
Lehena, "oso ondo"
Joan den barikuan egin zuten lehen entsegua “oso ondo” irten zen. Kopuruz, noski, gainditu egin zelako aurreikuspena, eta baita emaitzari dagokionez ere. Ikusi zen indarra transmititzen duela kantuak, polita geratuko dela ere ikusi zen, baina, batez ere, bizipen hunkigarria izan zen. Askok aipatu zuten hori, elkarrekin kantatzean, horrenbeste emakume elkartzean… oilo-narrua izan zutela.
Gainera, afari-merienda eder batekin borobildu zuten hitzordua. Eta, noski, hurrengo entsegurako dei ere egin dute: otsailaren 27an izango da, 18:30ean, frontoian. Eta horren ondoren ja plazan izango da behin betiko hitzordua, Martxoaren 8an, domeka.