Bihar, Korrika antolatzen hasteko batzordea

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 29a

Korrika 23 plazatik pasatzen.

Bihar, barikua, Korrika Batzordeak batzarra deitu du. Korrikaren Soraluzeko ibilbidea antolatzen hasiko dira, Korrika Kulturalaren egitaraua pentsatzen eta bestelako informazioa helaraziko dute. 18:00etan, da hitzordua, Soraluzeko AEK euskaltegian.

Aste gutxi batzuk falta dira 24. Korrikari ongietorria egiteko. Soraluzera martxoaren 28an iritsiko da, 20:30ak aldera.

Ibilbide bera

Elgoibartik etorriko da, eta, Soraluze zeharkatu ondoren, Eibarrerantz joango da. Eskualdeko Korrika arduradunak esandakoaren arabera, Soraluzen azken Korrikak egindako ibilbide bera izango du: Mendiolatik sartu, Estaziñorantz joan eta Oleatik Santa Anara, erdigunea zeharkatuko du gero eta, Gabolatsera joan ondoren, Ezozibideko biribilgunean berriro ere hartuko du Mendiolarako bidea, eta handik Eibarrera joango da.