Borinagak gogorarazi du proiektu hori aurreko agintaldian hasi zela, “PSE-EE Udal Gobernuko kide zenean EAJrekin batera”. Gogora ekarritako xehetasunen arabera, “proiektua osoa (355.717,79 €gehi BEZa) Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako Sailburuordetzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako Zuzendaritzak finantzatu du, Ana Telleria sozialistak kudeatuta”.
Bestalde, obrak egiteko botatako platanondoari ere egiten dio erreferentzia Borinagak prentsa oharrean. Dioenez, sozialistek argitu nahi dute hura botatzeak erantzuten diela “Lurkide Hondalanak enpresak planteatutako irizpide teknikoei, obraren bideragarritasuna, segurtasuna eta exekuzio egokia bermatzeko; izan ere, kendutako zuhaitza karga-hormaren gainean eta lan-eremuaren erdian zegoen, eta horrek zuzenean eragozten zuen lanak garatzea”.
Bozeramaile sozialistak gaineratu duenez, gobernu taldearekin hitz egingo dute, “ahal dela alderdi guztien artean, zuhaitz horrek utzitako espazio hutsean zer egin adosteko”.