Eztarriak trabatzen dituen beldurretik libratzen laguntzeko eskea eginda eta opilak bedeinkatuta

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 3a

Eliza bete-beteta zegoela egin du San Blas bedeinkapena Joseba Gonzalez parrokoak gaur goizean. Ama Soraluzekoa zuen Andres Elizondo eibartar-elgoibartarrak albokarekin musikatu du gaurko elizkizuna, modu ezohikoan eta herritarren txalo artean. Lehenengo, eskea egin zaio San Blasi, aurten, batzuetan eztarria trabatzen digun beldur hori eztarritik kentzeko eskatu dio parrokoak denon izenean. Segidan, Soraluzeko tradizioari eutsita, ur bedeinkatuz betetako isipua astinduz sanblas opil eta eliztar denak bedeinkatu ditu elizan gora eta behera eta alborik albo eginez. Amaieran, San Blas zaindariaren inguruan jarri dira zenbait familia argazkiak ateratzeko.