24. Korrika martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta 29an ailegatuko da Bilbora. Bilbora bidean, martxoaren 28an, pasatuko da Soraluzen, arratsaldeko 20:30ean. Ohikoa den moduan, oraingoan ere Korrika Batzordea antolatu da herrian, euskararen aldeko lasterketa erraldoiari lagundu eta babesa emateko.
Bariku arratsaldean egin zen Korrika Batzordearen lehen bilera euskaltegian eta bertan, herriko hainbat eragiletako ordezkariak batu ziren, Korrikaren bueltan antolatuko diren ekintza kulturalak pentsatu eta lasterketan testigua eroango duten herriko eragileen parte hartzea bideratzeko.
Korrika Kulturalari dagokionez, lasterketa herrian pasatuko den egunean elekrotxaranga eta beroketa saioa antolatzeko aukera aipatu ziren, egun horretan kalean animazioa ziurtatzeko. Horrez gain, talde bakoitzak konpromisoa hartu zuen hurrengo bilerarako proposamenak prestatzeko.
Lasterketan Kilometroa erosi eta lekukoa eroateko, berriz, hogeita bat taldek adierazi zuten borondatea eta datozen asteetan zehaztekotan gelditu ziren ekarpen ekonomikoaren zenbatekoa eta lekukoak eroateko ordezkarien zerrenda. Aurten, gainera, nobedadea dago arlo horretan, izan ere, aurtengo edizioan antolatzaileek Txintxetatan banatu dituzte lehen Kilometroak zirenak eta Soraluzeren kasuan, bederatzi Txintxeta edo lekukoa aldatzeko puntu ezarriko dira. Diru ekarpenak eta lekuko aldaketak puntu horien arabera bideratuko dituzte.
Korrika Batzordea otsailaren 20an batuko da berriz, arratsaldeko 18:00etan, AEKren euskaltegian.