Santa Ageda Eskea 2026

Zuzendari berriarekin egin zuten atzoko santa eskea abesbatzak eta txistulariek

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 5a

Atzo iluntzean, Ezoziko Ama Abesbatza eta Diadar Txistulari Taldeak goratu zituzten Santa Ageda bezperako kantu tradizionalak. Estreinaldi eta guzti kaleratu ziren, Soraluzeko debuta egin baitzuen abesbatzako zuzendari berri Victor Galvan valladolidarrak. Plaza Zaharrean hasita, erdiguneari buelta eman zioten geldialdietan kantuak abestuz.

Gustura ibili zen Victor Galvan abesbatzako zuzendari berria herrian zuzentzen zuen lehen saioarekin. Valladoliden jaioa, bi urte eta erdi daramatza Musikenen Orkestra Zuzendaritza ikasten.

Kontatu duenez, iaz ezagutu zuen Ezoziko Ama Abesbatza, oraindik Aitor Garitano zuzendari zela. Orain, azken horrek zuzendaritza lagata, hainbat hilabete daramatza Galvanek haren lekua betetzen, “disfrutatzen eta bertako kultura ezagutzen, batik bat gaur, erabat murgilduta nabil hemengo kulturan”, kontatu zuen.

Emandako xehetasunen arabera, zuzendari berriarentzat Soraluzekoa debuta izan zen, ez, berriz, zuzendari moduan, hainbat abesbatza gidatu izan baititu, eta oraindik ere gidatzen ditu, Lasarten, Tolosan eta Valladoliden.