NANa eta pasaportea tramitatzeko zerbitzu ibiltaria Soraluzera ere etor dadila nahi du PSE-EEk

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 5a

VIDOC furgoneta Elgoibarko udaletxearen aurrean.

Soraluzeko udal talde sozialistak jakinarazi duenez, EH Bilduren Udal Gobernuari iradokiko dio NANak eta pasaporteak tramitatzeko zerbitzu ibiltaria Soraluzera etortzeko eskaria egin dezan. Mozio bitartez egingo du iradokizuna otsaileko osokoan. Patricia Borinaga bozeramaile sozialistak jakinarazi duenez, Gipuzkoako dozena bat herri baino gehiagok erabili zein eskatu dute zerbitzu hori.

VIDOC izena du nortasun agiriak eta pasaporteak tramitatzeko Estatuko Administrazio Orokorrak EAEn jarri duen zerbitzu ibiltariak. Polizia Nazionalaren egokitutako furgoneta bat da, eta, azaroaz geroztik ari da, besteak beste, Gipuzkoako udalerrietan ere zerbitzua ematen.

Soraluzeko talde sozialistak prentsa oharrez esplikatutakoaren arabera, helburua da “herritarrei, batez ere kolektibo ahuletako pertsonei eta joan-etorrietarako zailtasun handienak dituztenei, funtsezko izapide bat egitea Eibarrera edo Donostiara joan beharrik gabe”.

Ziurtagiri digitalak eguneratu

Xehetasunen arabera, “Dokumentazio Ibilgailu Integralak desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide egokitua du, baita dokumentuen ziurtagiri digitalak eguneratzeko gailu bat ere. Gainera, ordainketa eskudirutan zein kreditu-txartelarekin egin daiteke, eta horrek izapideak erraztu eta arintzen ditu. Udalak zerbitzu hori zuzenean ematen ez duen arren, eskatu, kudeatu eta aurretiko hitzordua koordinatzeko ahalmena du, jaso duten udalerrietan gertatzen den bezala”.

Soraluzeko PSE-EEk jakinarazi duenez, Gipuzkoako 13 herrik eskatu dute VIDOC zerbitzua erabiltzea, tartean, Debebabarrenean, Deban eta Elgoibarren hilero izango dute aukera. Bada orain, Soraluzera etortzeko eskaria egiteko iradoki dio Soraluzeko Udal Gobernuari.