Soraluzeko antzinako errebote frontoiko sake-harriaren bila

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 7a

Soraluzeko antzinako errebote frontoiak zuen sake-harriaren bila ari dira hiru herritar azken hilabeteoan. Izan ere, harria bera 50eko hamarkada ingurutik desagertuta dagoen arren, zenbait pista tarteko, esperantza dago Gipuzkoako lorategiren batean gordeta dagoela pentsatzeko. Baina bilaketa horretan aurrera egiteko, Soraluzeko sake-harriaren argazkia behar da. 

Soraluzek, XVIII. mende bukaeratik XX. mende erdialdera arte, errebote frontoia izan zuen bote-laxoan aritzeko. Errebote-jokoa "pilotako errege jokoa" kontsideratzen zen orduan. Soraluzeko errebote frontoia Miguel Antonio Jauregik diseinatu zuen, 1788an, eta Egizabal eta Aldasoro familia indianoen diruekin finantzatu zen. Gaur egungo frontoi zaharra eta inguruko kirol-esparrua dira errebotekoaren ondorengoak; esaterako, oraindik hantxe dira errebote frontoiko harmailak. 

Sake-harria edo botaharria

Soraluzeko errebote frontoiak bazuen ere bere sake-harria edo botaharria. Frontoiaren "edadea" kontuan hartuta, izan liteke Euskal Herriko zaharrenetakoa hura; Ramiro Larrañaga idazleak Soraluzeri buruzko liburu monografikoan dioen moduan, sake-harriak bi maila zituen eta bazen "kontserbatzeko modukoa bere originaltasunarengatik". Hala ere, harria desagertuta dago XX. mendearen erdialdea ezkero.

Obrak egitean desagertu

Dena dela, hainbatek akorduan dute sake-harria, eta hura bilatzeko ahalegina egiten ari dira; tartean, Agustin Txurruka, Soraluze Pilota Elkarteko ordezkari izandakoa, eta Ignacio Pintado, sake-harria ezagutu, marraztu eta ondo gogoan duena.

Federazioan, museoan…

Soraluzeko sake-harriaren historiari dagokionez, 50eko hamarkadan, Eskola Nazionalak eraikitzeko obra egin zuten frontoian, eta orduantxe desagertu zen. Ustez, obra-hondakinekin batera bota zuten harria, eta harrezkero galdutzat eman da.

Baina duela urte batzuk, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko (GEPF) presidente izandako batek Agustin Txurrukari esan zion harri hura txalet bateko lorategian zegoela. Antza, harriaren balioaren jakitun, norbaitek hura hartu, gorde eta etxeko lorategian jarri zuen, entzundakoaren arabera, Lasarten, baina hori ez dago frogatuta. 

Edozein modutan, pista horri tiraka hasi eta hainbat ate jo dira Soraluzeko sake-harria lokalizatzeko: GEPF, San Telmo museoa, Jabi Elortza historialaria, Villabonako Behar Zana Pilota Elkartea –errebote jokoari buruz gehien dakien kluba–… Gainera, Lasarten dagoela pentsatuz, pilota elkartekoak galdezka ibili dira han, baina, oraingoz, ez da emaitza positiborik lortu.

Hala ere, ateak jotzen segi eta Euskadi Irratiko Faktoria irratsaiora zein EITBko pilota-esatari Xabier Euzkitzerengana ere iritsi da sake-harriaren bilaketaren gaineko istorioa; istorio polita iruditu, eta laguntzeko erabateko prestasuna erakutsi dute bi kasuetan.

Orain, argazki bila

Are gehiago, Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan, atzo goizean, barikua, Agustin Txurruka elkarrizketatu zuen Jon Artano kazetariak, eta lau haizeetara zabaldu zuten Soraluzeko botaharria bilatzeko nahia.  

Euzkitzeri dagokionez, berriz, sake-harriaren bilaketarako eskaintzen dituen bozgorailuak ahalik eta ondoen aprobetxatzeko, botaharriaren argazki bat helaraztea komeni da. 

Hori horrela, orain, argazkiak lortzeko laguntza eskatu dute. Izan ere, hori ere ez da lortu; Pintadok egindako marrazkia bakarrik dago. 

Bila dabiltzanak seguru daude herriko argazkilariren baten edo herritarren argazkiren batean azaldu egin behar dela sake-harria, pilotarekin lotutako argazkietan ez bada, bestelakoetan. Esaterako, 50eko hamarkadako ezkontzetan, ohitura zen frontoian sake-harriaren inguruan edo gertu familia-argazkiak ateratzeko. 

Bada, norbaitek argazkirik balu, Barrena Komunikazio Taldeari helarazteko dei egin dute, Ubane Madera kazetariari -699 86 87 29-. 

Erlazionatuak