Soraluzeko antzinako sake-harriaren bilaketak telebistara ere egin du salto. Atzo, domeka, ETB Kantxa saioan kontatu zuen istorioa Xabier Eguzkitzek. Eskuz binakako txapelketaren atarian eman zuen Soraluzeko antzinako errebote frontoiaren eta bertan zegoen sake-harriaren berri. Kontatu zuen zelan hiru soraluzetar ari diren hura topatu nahian, baina bilaketak oraindik ez duela fruiturik eman. Inazio Pintado Ercillak egindako sake-harriaren marrazkia ere erakutsi zuen pilota esatari entzutetsuak, bilaketan lagungarri izan daitekeelakoan. Hainbat soraluzetarrek ikusi zuten erretransmisioa eta erredakziora helarazi dute kontakizunaren laburpen bideoa.