Hainbatek nahi baino polikiago, baina aurrera doaz Baltegieta kalea zaharberritzeko lanak. Atzo, eguena, dagoeneko zubiaren ondoraino iritsita zeuden langileak. Baina esandakoaren arabera, komeni da lurra ondo sikatzen lagatzea gainetik ibilgailuak pasatzen hasi baino lehen, eta, egunotako eguraldiak ez du horretan laguntzen.
Dena delakoa ere, datozen egunotan zabalduko dute garajeetarako pasabidea eta SAPAtik errepiderainoko tartean segituko dute galtzada-harriak jartzen. Esplikatu dutenez, orain arte bertan zeuden harri berberak jartzen ari dira, baina lehenago harriak garbitzen ari dira, morteroz inguratuta baitaude. Horrek eraginda ere nahi baino motelago ari dira lanean.
Urriaren amaiera aldera hasi ziren kalea zaharberritzeko obrak; 86.219,07 euroko aurrekontua –BEZa aparte– eta sei asteko iraupena zehaztu zituzten, baina obrak luzatu egin dira, batik bat, ur-hodi bat zaharberritu egin behar izan zutelako.