Bariku iluntzean, Oreka Art galeria kanpoko bisitariz eta artistaz beteta zela inauguratu zuten otsail osoan ikusgai izango den Amalgama Gráfica XI Internacional erakusketa. Haien artean izan ziren galerian obraren bat ipini duten zenbait artista asturiar eta venezolar ere.
Batzuk aipatzearren, besteak beste, honako lanak ikus daitezke: Polifonia confusa (Jorge Crooke Carbajall, Argentina) Despertar, (Ignacio Iñaki, Venezuela), Mis falsos límites, (Carlos Pascual Contreras, Venezuela), Tres lunas (Emma Lobato, Asturias), Lluvia Solar (Carmen Berrini italo-asturiarra) eta Del abandono a la destrucción (Mercedes Vecino, Valladolid) (Guztiak daude argazkietan ikusgai).
Ia teknika guztiak ikusgai
Bere izenak dioen moduan, nazioarte mailako erakusketa da Amalgama Gráfica XI. Internacional, Ameriketako zein Europako artisten lanekin osatutakoa. Obra guztiak dira grabatuak, tematika eta teknika desberdinekin sortutakoak, “ia teknika guztiekin”, xilografia, kalkografia… eta baita azken belaunaldiko estanpa digitalak ere.
Soraluzen aurkeztu eta erakutsi dute lehen aldiz grabatuen erakusketa hau. Gero Leonera edo Avilesera eramango dute, eta, urrunago ere segituko du ibilbideak. Amalgama Gráfica XI Internacional erakusketaren antolatzaile den Ediciones Patanegrako Fermin Santos Lopezek emandako xehetasunen arabera, dozena erdi nazionalitateko artistek lagatako obrak daude, mexikarrak, argentiarrak, venezolarrak, kubatarrak, espainiarrak…
Gehienak euskaldunak
Ikusgai dauden obra gehienak, baina, euskaldunenak dira, erakusketan baitaude lau gipuzkoarren eta bizkaitar baten lanak, tartean, Alberto Rarmirezen grabatu bat. Eta bigarren artista-talde ugariena Menorkako Xalubinia arte eskolako artistak dira.
Amalgama Gráfica Internacional erakusketaren aurreko 10 edizioek ibilbide luzea egin dute; Bilbon, Avilesen, Leonen, Sorian, Bartzelonan, Parisen, Gadalajaran (Mexiko) Buenos Airesen (Argentina) eta, besteak beste, Cordoban (Argentina) egon dira ikusgai.
Obra grafikoa lantzen duten artisten elkartrukean oinarrituta dago azken erakusketa, Ediciones Patanegrako Santosek azpimarratu zuen moduan helburua da grafika apur bat gehiago ezagutaraztea.
Bestalde, aurkezpen lanak bukatuta, Alberto Ramirezek opari bat egin zion Soraluzeko Udalari, erakusketan jarrita duen grabatuaren erreprodukzio bat. Maite Quintanilla Kultura zinegotziak hartu eta eskertu zuen artelana.