Errebote-frontoia Soraluzen: bista-bistan eta ezkutuan

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 10a

Soraluzeko antzinako sake-harriaren bilaketan lagungarri izan daitekeelakoan, oraingoan Sorapediatik helarazi dituzte Errebote frontoiarekin lotuta, herriko entziklopedia digitalak landu eta argitaratu zuen artikulua eta bideoa. Bertan gogorarazten da antzinako Errebote frontoia dela “gure betiko "Frontoia" eta Frontoia esaten diogu, frontoiaz gain, eliza ondoko esparru osoari ere: haurtzaindegia, institutua eta Musika Eskola dagoen eremuari. Hain zuzen ere, garai batean, eremu horretan guztian frontoia zegoen, errebote-frontoia”. Bideoaren egilea: Oscar Perez.

Sorapedia Soraluzeko entziklopedia digitalean honako kontakizuna dute jasota Errebote-frontoiari buruz:
 
Errebote-frontoia 1788 urtean diseinatu zuten, eta egizabaldar indianoen eta aldasorotarren diruaz eraiki. Arkitektoa, 1804-1809 bitartean Erregetxea diseinatu eta altxatu zuen pertsona bera izan zen: Miguel Antonio de Jauregui.
 
Frontoiak bi eremu zituen: bata, luzea, 53 metrokoa, sake eremuari zegokiona; eta bestea, motza, 11 metrokoa, erresto eremua. Zabaleran 17 metro zituen, eta alde banatan, ikusleentzako harmaila ederrak zituen, harlauzaz eginak. 
 
XIX. mendean, errebotea poliki-poliki indarra galtzen joan zen herrian, ia erabat ahaztu arte, eta harrezkero, desagertu egin da ia dena: pasamarra, sakarria (sake harria), harmailak... Azken urteotan eremu handia hainbat jardueretarako erabili izan da: eskolako patio moduan, kiroletarako (fulbito, esku-baloi...)... Eremu txikia, berriz,  estali egin zuten 70. hamarkadan, eta azken urteotan, batez ere, frontenisean eta saski-baloian jokatzeko erabiltzen da.  Harmailei dagokienez, bi zati txiki besterik ez dira geratzen.
 
Esan liteke, beraz, "Frontoia" izena eta errebote frontoiaren esparrua guztion bista-bistan daudela eta ezkutuan ere bai aldi berean.
 
Soraluzeko errebote-frontoiaren gaineko informazio gehiago  kontsultatu nahi baduzu (argazki zaharrak barne), sakatu hemen.