Ikurrina atera zuteneko hura mozorro modura

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 11

Aurten, inoiz baino lehenago hasiko dira Aratuste-jaiak Soraluzen, bihar, Eguen gizen egunean, Galtzagorri txaranga ibiliko baita kalerik kale, 19:00etan hasita, Aratusteen etorrera iragartzen. Estreinakoz egingo dute kalejira hori. Bestalde, tabernak ere hasi dira egunotarako prestatzen. Adibidez, Bolia tabernak bere mozorroa lehenago jantzi du, gaur, eguaztena, derbia dagoela kontuan hartuta. Izan ere, 1976ko derbian Atotxako estadioan ikurrina atera zuteneko hura aukeratu dute mozorro modura. 

Aurtengo Aratusteetako gaia Pertsonaia eta gertakari historikoak direla aintzat hartuta, Bolia taberna goitik behera jantzi da ikurrinez, 1976ko abenduaren 5ean Atotxako estadioan oraindik legez kanpokoa zen ikurrina atera zuteneko gertakari historiko haren oroigarri.

Tabernaren sarreran gogora ekartzen duten moduan, orduko hartan, Realeko eta Athletickeko jokalariak ikurrinaren atzetik zelairatu ziren derbia jokatzera, oraindik ikurrina legez kanpokoa zen sasoian -1977an legeztatu zuten-.

Inaxio Kortabarria Realeko kapitainak eta Jose Anger Iribar Athletickekoak atera zuten euskal bandera, eta, keinu horrek eragin handia izan zuen, futbola bozgorailu politiko bihurtu zen, debekatutako sinboloen normalizazioa nabarmendu zuen eta ikurrinaren legeztapena azkartzen lagundu zuen.

Iñigo Eguren errealzaleak emandako xehetasunen arabera, Joxean De la Hoz Uranga Realeko jokalari eta unibertsitateko irakasleak tratua egin zuen beste batekin ikurrina lortu eta egun horretan Donostiako estadiora eramateko.

1976ko abenduaren 5ean, Atotxara eraman zuen ikurrina De la Hozen lagunak. Duque de Mandas kalean zegoen leihoxka batetik eman zion ikurrina De la Hozi eta gero hark Kortabarriari.