Otsailaren 20an batu ziren herriko hainbat eragiletako ordezkariak Korrika batzordearen bigarren bileran eta hainbat lan aurreratu zituzten martxoaren 19an Atharratzen hasi eta 29an Bilbon amaituko den euskararen aldeko lasterketa erraldoiari laguntzeko.
Hasteko Soraluzeko ibilbidearen "txintxetak" (lehen kilometroa) eta horietako bakoiztean testigua eroango duten 25 taldeen zerrenda osatu zuten. Ondorengoa da zerrenda: Ansola parean, Futbol taldea eta Marras Irristaketa taldea; Alkideban, Pilota taldea eta Gure Esku; Elesan, Keixeta eta Institutua; Gabolats buruan, Musika eskola, bertSora bertso eskola eta Ezoziko Ama Abesbatza; Bidegorrian, AEK, Urrats dantza taldea eta Pil-pilean Euskaltzaleen elkartea; Santa Anan, Atxolin, Plaentxia herri eskola, Itxaropena eta Katamarran; Gabolatsen, Sortu, Bildu, Udala eta EAJ; Elesan, GOL, LAB eta Bizikale eta Unamunon, Harrera elkartea eta Arrano elkartea. Teldeek datozen egunetan jakinaraziko dute zein pertsonak eroango duen bere testigua eta zenbatekoa izango den helduak alfabetatzeko erakundeari egingo dion ekarpen ekonomikoa. Horren harira, AEKko ordezkariek jakinarazi zuten, 24. edizioan, "txintxeta" bakoitzaren prezioa 475 eurokoa izango dela.
Korrika Kulturalaren egitarau betea
Bileran Korrika Kulturaleko egitaraua ere osatu zuten. Otsailaren 28an, Zuhaitz Egunarekin hasi eta martxoaren 28an Korrika Soraluzen pasatuko den egunean Alarma morea taldeak eskainiko duen kontzertuarekin amaituko da egitaraua. Tartean izango dira: eoliken aurkako mendi ibilaldia, Aroa planaren aurkezpena, Ekain-Txou zirko emanaldia, ipuin kontaketa, bakarrizketak, Korrika txikia, elektrotxaranga eta zunba beroketa Korrika herrian pasatuko den egunean... Datozen egunetan kaleratuko dute egitarau osoa.
Petoak erosteko aukera
Azkenik, AEKk jakainarazi zuen aukera eskainiko duela Korrika petoak erosteko (6 eurotan). Petoak eskatzeko Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak ireki duen formularioa bete daiteke edota zuzenean Soraluzeko AEK euskaltegira jo.