Elkarren artean adostutako aurrekontu akordioak aktibatzeko eskatu dio PSE-EEk Udal Gobernuari

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 26a

Zeletako parkea gaur, eguena.

Soraluzeko PSE-EEren udal taldeak jakinarazi duenez, Udalak 146.000 euro gehiago jasoko ditu Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik  (FOFIM). Hori horrela, sozialistek Udal Gobernuari eskatu diote abian jar ditzala aurrekontuetan bi alderdien artean adostutako akordioak, hala nola, nahi ez den bakardadea antzemateko azterlana, artista gazteentzako dirulaguntzak edo auzoetako jarduerak hobetzeko partida handitzea.

Sozialisten bozeramaile Patricia Borinaga zinegotziak esplikatu duenez, Soraluzeko Udalak “aurreikusitakoa” baino diru kopuru handiagoa jasoko du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik, 146.122 euro. Horren berri izan ondoren, EH Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio “ahalik eta lasterren aktiba” ditzala bi alderdiek 2026ko udal aurrekontuaren negoziazioan adostutako akordioak.

Bakardadea, gazteak eta auzoak

Hiru proiektu nabarmendu ditu bozeramaile sozialistak. Batetik, bizitzako etapa guztietan nahi ez den bakardadea modu eragikkorrean detektatzeko ikerketa, “behar duten pertsonen osasun mentala, fisikoa eta gizarte-ongizatea hobetzeko”.

Bestetik, artista gaztentzako dirulaguntza lerroa, “antzerkiaren, argazkigintzaren, arte plastikoen eta musikaren esparruan beren sorkuntzak garatzeko, materiala erosteko eta lokalak eta erakusketa-espazioak alokatzeko gastuetan laguntzeko, 2027rako hartutako konpromisoa 2026ra aurreratuz”. 

Eta hirugarrenik, auzoetako hobekuntzak egiteko partida handitzea, bereziki, Sagar Errekarako eta Zeletarako, “Soraluzeko auzorik abandonatuenetako eta ahaztuenetako bi baitira”. Zehazki, Borinagak auzoetako hobekuntzetarako aurrekontuko partida handitzea eskatu du -gaur egun 30.000 euro da-, Sagar Errekan eta Zeletan hobekuntzak egiteko. 

Kargagailuak eta pintadak

Horiekin batera, beste pare bat proiektu gauzatzea ere eskatu du Borinagak, Zubi Nagusian ibilgailu elektrikoak eta hibridoak doan kargatzeko gunea jartzea 2026an. Esan duenez, “ibilgailu elektrikoaren erabilera/erosketa sustatu nahi badugu, gasolina eta diesel ibilgailuen kaltetan, mugikortasun elektrikoa erraztuko duten azpiegiturak ezartzeko/hobetzeko neurriak hartu behar dira”.

Eta, eskatu du ere bide publikoetako pintadak garbitzeko doako programa abiaraztea. Zinegotzi sozialistaren esanetan, programa horretan, fatxadak garbitzeko eskatu ahal izango lukete jabe partikularrek, jabeen erkidegoek eta merkataritza-lokalen errentariek.

“Uste dugu baldintza ekonomiko egokiak daudela EH Bilduk, PSE-EErekin adostu zuen bezala, neurri horiek ahalik eta azkarren bultzatzeko”, adierazi du besteak beste, Patricia Borinagak.