Bihar, piano-jotzaile gaztez beteko da Soraluzeko Herri Antzokia

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 27a

Soraluzeko Musika Eskolako piano irakasle Anabel Henao zenbait ikaslerekin, herenegun, eguaztena. Argazkia: Domentx Uzin.

Bihar, zapatua, 85 piano ikaslek bat egingo dute Soraluzen, Pianoaz gozatzen izeneko III. piano jaialdira etorrita. Urte luzez Andoainen egin den topaketa hori, aurten, zazpi udalerritan egingo da, eta udalerriotako bat izango da Soraluze. Bihar, 09:30ean hasi eta hiru txandatan antolatuta eskainiko dute nork bere saiotxoa musikari gazteek. Isats-erdiko pianoa alokatuko dute propio topaketarako.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatuta, Pianoaz gozatzen izena duen III. piano jaialdia egingo dute bihar, zapatua. 36 udalerritako 500 piano-jotzailek baino gehiagok parte hartuko dute Gipuzkoako eta Bizkaiko zazpi udalerritan egingo diren emanaldietan.

Udalerriotako bat izango da Soraluze. Denera, 85 ikasle izango dira pianoa jotzen, eta emanaldirako propio alokatuko da isats-erdiko piano bat. Lau eskutara ere joko dira piezak. Hiru saio izango dira Herriko Antzokian, 09:30ean, 11:00etan eta 12:30ean. Tartean, noski, Soraluzeko Musika Eskolako piano ikasleek ere parte hartuko dute.