Ekitaldiz betetako egitaraua dakar M8ak Soraluzera

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 4a

Irakurleak Euskarazko Irakurle Klubean, astelehenean.

Herenegun, astelehena, Euskarazko Irakurle Klubaren saioarekin hasi zen Martxoaren 8aren bueltan antolatu duten egitaraua, martxoaren 18an Gaztelerazko Irakurle Klubarekin bukatuko dena. Tartean, denetik egongo da; batik bat, kultura saioak, adin guztiei zuzendutakoak. Baina ekitaldi nagusia, noski, Martxoaren 8an egingo dute, domeka eguerdian hasita.

Astelehenean, Mariama Bâ Senegalgo idazlearen Hain gutun luzea eleberria landu zuten Euskarazko Irakurle Klubean. Hikaz idatzitakoa, bi lagunek bikoteengandik jasaten duten traizioari buruzko kontakizuna dakar, elkarren artean adostutako monogamia ez baitute errespetatzen gizonek. Uxue Agirre liburuzainak gaineratutakoaren arabera, liburuak oso ondo islatzen du Senegalgo gizartea.

Ekitaldi horrekin hasi da Martxoaren 8ko egitarau mardula, martxoaren 18an bukatuko dena. Gaur, eguaztena, esaterako, umeendako antzerkia izango da, Eidabe taldearen Abentura kuantikoa ikusiko dute 11:00etan. Eta barikuan, berriz, hitzordu bikoitza izango da; batetik, Vitalia Samuilova grabatu-gilearen erakusketa inauguratuko dute Oreka Art galerian. Eta bestetik, 20:00etan, La Deskarada antzezlana taularatuko du Ane Gebarak Herri Antzokian.

Manifestazioa eta kantua

Hori bai, ekitaldi nagusia domekakoa, Martxoaren 8koa izango da. Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, 12:00etarako. Soraluzeko Emakume Feministek antolatutako manifestazioa abiatuko da handik. Erdiguneari buelta eman ondoren, eguraldia lagun bada, Plaza Barrixan borobilduko dute hitzordua; bestela, Plaza Zaharreko karpan.

Azken urteotan egin duten moduan, aldarrikapenetik zein ospakizunetik, bietatik izango du domekako ekitaldiak. Aldarrikapenari dagokionez, leloa izango da Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean antolakuntza eta borroka.

Ospakizunari dagokionez, berriz, hainbat kantuz osatutako saiotxoa egingo dute, amaiera ikusgarria izango duena; izan ere, ekitaldi musikatua borobiltzeko, 100 emakumek baino gehiagok Zea Maysen Elektrizitatea kanta abestuko dute elkarrekin. 

Bazkaria

Behin ekitaldiak bukatuta, elkarrekin bazkaltzeko proposamena egin du M8ko Batzordeak. Jatekoa norberak etxetik eramanda izango da, baina komeni da apuntatzea bestelako antolaketak bideratzeko -mahaiak, edariak…- Izen-ematea: Iratxon martxoaren 5era arte.

Domekatik aurrerako egitaraua, berriz, honakoa da:

  • Martxoaren 9, astelehena
  • 12:00, nerabeentzako antzerkia: RedNUDES. Pikor Teatro.
  • Martxoaren 11, eguaztena
  • 09:30, haurren irakurketa txokoa: Arrosa eta leuna, Adela Turin-ena.
  • Martxoaren 12, eguena
  • 11:00, irakurketa errazeko taldea: Así era Santa Teresa de Jesus.
  • Martxoaren 15, domeka
  • 17:00, zinema: Gaua. Paul Urkijorena.
  • Martxoaren 18, eguaztena
  • 18:30, Gaztelerazko Irakurle Taldea. Estupor y temblores, Amélie Nothomb-ena.