Martxoak 8 (2026)

Bihar, Greba Feminista institutuan

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 5a

Bihar, barikua, Greba Feminista egingo dute Soraluze BHI Institutuan, Ikasle Sindikatuak deituta, Jazarri, eraso, bortxatu eta erailtzen gaituzte, Aski da lelopean. 89 ikaslek izan dute bozkatzeko eskubidea eta 87k babestu dute greba. Haren bitartez, besteak beste, salatuko dute 2026an, oraindik orain “indarkeria matxistak jasanezina” izaten segitzen duela, “jazarpenak, erasoak, bortxaketak eta erailketak eguneroko albiste” direla.

Halaber, biharko grebarekin, gazteek salatuko dute “matxismoak kolpatzen duela institutuetan eta fakultateetan, lanean eta familian eta inguru sozialean zein kalean. Eta justizia patriarkalak eta polizia erasotzaileak horiek defendatu eta babestu egiten dituztela”.

Azpimarratuko dute, besteak beste, “hori guztia” ez dela “kasualitatez gertatzen. “Indarkeria matxista horren erantzulea bizi, edo hobeto esanda, nekez bizi dugun sistema ekonomiko, sozial eta politikoa da”.

Gaineratu dutenez, biharko greba “euskal gehiengo sindikalak deitutako martxoaren 17ko greba orokorraren bezpera” izango dela. “Ikasle Sindikatuak eta Emakume Aske eta Borrokalariak aktiboki babesten dugu greba hori, indarkeria matxista eta lan prekarietatea oso konbinazio errentagarria baitira patronalentzat”.