Larunbat eguerdian, hiru zakurrek, tartean mastin arrazako bik, eraso egin zieten Soraluzeko Ezozi auzoko mendi magalean gora mendigainera bidean zihoazen bi herritarri. Herritar bat adin nagusikoa zen eta bestea adin txikikoa.
Erasoa jasan zuen adin nagusiko herritarrak Barrenari azaldu dionez, Ezozi auzoko mendibidean gora Karakateko mendigainera ailegatu baino lehenxeago, txabola baten inguruan, hiru zakur hurreratu zizaizkien zaunkaka eta haietako batek, mastin arrazakoak, haginka egin zion izterrean, besoan eta bizkarrean eta ondoren, ileetatik heldu zion atzeraxeago zetorren adin txikikokoari. Zorionez adin txikikoari ez zion zauririk eragin.
Erasoa gertatu orduko zakurren jabeek lagundu zieten herritarrei eta larrialdietara deitu zuten eta ostean, bi herritarrak erietxera eroan zituzten. Erietxean, adin nagusikoari puntuak eman zizkioten izterrean zituen zauriak ixteko eta adin txikikoari, berrriz, errebisioa egin zioten ziurtatzeko zauririk ez zuela.
Bitartean, ertzainak eta suhiltzaileak hurreratu ziren gertakaria gertatu zen lekura. Alkateak jakinarazi duenez, udala larunbatetik bertatik harremanetan dago erasoa jasan duten herritarrekin eta zakurren jabeekin "hartu beharreko neurriak hartzeko".