Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak, ohar bidez deitoratu egin du EH Bilduren borondate falta. “Sei hilabete baino gehiago igaro dira zerbitzu hau martxan jarri zenetik, eta EH Bilduk ez du ezer egin herritarrei izapide hori errazteko”.
Sozialistek gogora ekarri dutenez, joan den irailean ezarri zuen Gobernuaren Ordezkariordetzak zerbitzu ibiltari hori Gipuzkoan, herritarrei, batez ere kolektibo ahulenen barruan daudenei edo mugitzeko zailtasun gehien dituzten pertsonei, Eibarrera edo Donostiara joan beharrik izan gabe funtsezko izapide bat egiteko aukera emateko.
Esan dutenez, dokumentazioaren Ibilgailu Integralak desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide egokitua du, bai eta dokumentuen ziurtagiri digitalak eguneratzeko gailu bat ere. Gainera, ordainketa eskudirutan zein kreditu-txartelarekin egin daiteke, eta horrek izapideak erraztu eta arintzen ditu.
Zortzi udalerritan bada
Halaber, jakinarazi dute Gipuzkoako zortzi udalerri “ideologia politiko guztietakoak” erabiltzen ari direla zerbitzu hori; Debarroan, Deba, Elgoibar eta Arrasate eta bestela, Zumarraga, Lasarte-Oria, Legazpi, Urnieta eta Alegia. Datuen arabera, 950 dokumentu baino gehiago egin dituzte herriotan bulego ibiltaria baliatuta.
“Gure ustez, Soraluzek ezin du atzean geratu, ezta herritarrei administrazioarekin eguneroko izapideak egitea errazteko aukera galdu ere. Ulertezina da oraindik zerbitzu hori eskatu ez izana. Horregatik, gobernuari eskatzen diogu azal dezala zer dagoen bere jarreraren atzean”, gaineratu du bozeramale sozialistak.